Bizikidetzaren bizio eta kidetzak

Garai berriek erronka berriak ekarri dizkigute, eta ez dira gutxi gainditu beharreko diskriminazio, gutxieste eta zapalkuntza egoerak. Horiei aurre egiteko nahiarekin, eskoletan barra-barra ari dira sortzen elkarbizitza-behatokiak, bizikidetza-foroak, bizikidetza-planak…

Eta bizikidetza erdiesteko sortu diren haize berri horiek aipu bat egin digute ezagun, ume batek paperezko hegazkintxoan idatzi eta gugana behin eta berriro jaurtiko balu bezala: “Bizitzen jakitea ez da gertatzen zaiguna kontrolatzea, gertatzen zaigun hori ondo geureganatzea baizik” (Gloria Steinem). Eta nago, euskaldunok aipua ongi ulertu gabe geure egin dugulakoan. “Geureganatzea” izan zitekeen geurera egokitzea, geuretzat hartzea… baina ez dugu hala ulertu. Geureganatzea ulertu dugu asimilatzea dela, eta saiatu gara gertatzen zaigun guztia irentsi eta ondo asimilatzen. Eta irentsi ditugu diskurtso hegemonikoak, kultura hibridoak, hizkuntza erabilera neutralak…

Irentsi dugu, esaterako, frankismoak indarrez inposatutako hizkuntza hori geurea baino erakargarriagoa dela. Eta orain euskara gaztelania bezain erakargarri izatea da erronka. “Nola izan liteke erakargarria, zer atraktibo dauka, hain zuzen, euskarari lege propiorik aitortzen ez dion estatuaren hizkuntza bortxazkoak euskaldunentzat?” (Koldo Izagirre). Baina erakargarritasunaren diskurtsoa gaur bai eta bihar ere bai ari gara jaso eta erreproduzitzen, Bourdieuk aipatutako gurpil zoroan.

Asimilatu dugu hezkuntza sistema hirueledunak behar ditugula, eta tabu bihurtu zaigu euskaldun eleanitzak eta erdaldun eleanitzak bereiztea. Bizikidetzaren izenean, denok berdinak omen.

Eta guk, euskarak munduaren zabaltasuna ikustea eragozten digun erromantiko koadrilak, ezin ondo geureganatu… ezin geureganatu nolatan hasi garen bizikidetzaz hizketan, derrigorrezko elebitasuna aipatu gabe. Ezin irudikatu gure hizkuntza hautua askea izango den herri bat, baldin eta guztiok ez bagara gai elkarrena ulertzeko. Guk ez daukagu euskararentzako gupidazko sentimendurik, bizitzeko haren beharra baizik. Eta ondorioz, ez daukagu euskaraz ikasi nahi ez duenarentzako gupidazko sentimendurik ere; euskaraz bizitzeko haren beharra dugu, hark euskaraz ulertzeko beharra.
Akaso, parlantzuan zabiltzaten politikariok, espero duzue gatazka linguistiko horiek isilduta guk “ondo geureganatzea gertatzen zaigun hori”. Indarkeria linguistikoa betierekotu nahi diguzue bizikidetzaren, bakearen, errespetuaren eta independentziaren izenean; batzuek eta besteok, parlantzuan irakurri nahi dituzue euskararen (eta euskararen beharra dugunon) autopsiarako frogak. Parlantzua, ordea, geurea da orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: