Itzulpen ttipi bat?

Euskaldunon harreman sareak ez dira elebakarrak. Alegia, euskaldun batek harremanak ditu beste euskaldunekin, euskararik ez dakiten espainol edo frantses hiztunekin eta, gero eta gehiago, aurreko hiru hizkuntzetatik bakar bat ez dakitenekin. Harremana aurrez aurrekoa denean, hizkuntza batean edo beste batean mintzatuko dira, solaskidearen arabera. Eta harreman sarea Facebookera ekartzen denean? Facebookeko lagun zerrendan daudenean euskaldunak, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko erdaldunak, espainolik ez dakitenak, frantsesik ez dakitenak? Zein hizkuntza hautu egiten dugu, eduki bat idazten dugunean?

Behin baino gehiagotan ikusia dut, lagun batek bere harian euskarazko mezu bat idaztean, haren beste lagun batek “itzulpen ttipi bat?” galdetzen diola, frantsesez. Euskal kultura ekoizpenei ere eskatzen zaie, gero eta gehiago, itzulpen bat. Kantaldietan, kantuen aurkezpenak elebitan edo nagusiki frantsesez entzuten dira azken urteetan. Xilaba bertso txapelketako afixa euskara hutsez izatearen kontrako protestak irakurri genituen (“hain segur, oso polita da bertso-saioa, baina erdaldunok baztertzen gaituzte”). Eta horrelakoak ere: “interesgarria dirudi zure liburuak, baina ea noizko ateratzen duzun frantsesez”…

“Itzulpen ttipi bat?” eskatzen ote diete ingelesez ari diren artistei, hona datozenean? Ez bide dira ausartzen aitortzera ingelesik ez dakitela; euskara ez jakitea normalagoa zaie. Badakite, halaber, ingeles bati ezin diotela exijitu frantsesa jakin dezan eta bere solasak itzul ditzan. Badakite, ordea, Ipar Euskal Herriko beren lagunak frantsesa badakiela, eta beraz, ez zaie onargarri haren solasak edo Facebookeko mezuak ez ulertzea. Ez da onartzen “Frantzian” egiten dena (kultura, politika, sindikalgintza, mezu pribatuak…) “Frantziako” norbaitek ezin ulertu izana. Euskararen alde dira, ustez; baina euskaraz komunikatzea erabaki duen horrek bere hitzak frantsesera itzultzen baditu bakarrik… Hori da, hori, euskarari balioa aitortzea!

Bidenabar, beren harreman sarean frantsesik ez dakiten euskaldun franko dituztenek beren gogoetak frantsesez bakarrik idazten dituztenean, norbaitek eskatzen ote die “itzulpen ttipi bat?”. Beharbada hori eskatzen hasi behar genuke. Beldur naiz, ordea, halako eskaerek, gaur egun oraino, ez ote luketen alderantzizko eskaerek baino gehiago nardatuko. Hots, frantsesari onartzen zaiona ez zaiola hain aise onartzen euskaldunari, eta “hastiala”, “talibana”, “integrista” kalifikazioak entzun beharko dituela eskatzaileak, lagun frantsesak ez bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: