Txipiok zertarako gauden

Tabakalera eraikinaren agoteon atetik hur.
Donostia, 2016ko udaberria.

DSCF0124

Txipiek handitu egiten, omen.
Eta handiek, zer egiten ote dute handiek?

1
Handiek txipitu egiten dute mundua: zenbat hizkuntza (txipi, ertain eta handi) ez ote dute isildu hizkuntza handiek?
Ez liteke onartu, ez liteke idatzi, ez liteke pareta batean ipini hizkuntza handiek mundua txipitzen dutela, gezurra litzateke, gezur iraingarria. Hizkuntza handiek komertzioa egiten dute, komertzioak mundua hobetzen du.

2
Hizkuntzak sortzeko milaka urte pazientzia, milaka urte arte, mila urte umore, mila urte kantu behar izan da, eta hala ere… Hala ere, hainbat eskastasun, hainbat inperfekzio. Eta denak makinaria perfektuak beren motzean.
Hizkuntza txipiak?
Bruce Springsteenek kanta litzake pigmeoen polifoniak bere taldearekin? Hizkuntza handiak? Zer handitasun erakusten ahal dio ingelesak maoriari (eta beste hainbati), frantsesak kanakoari (eta beste hainbati), espainierak tarahumarari (eta beste hainbati), portugesak kimbunduari (eta beste hainbati)?

3
Hizkuntzak ez dira handiak, baina badira handienak diren hizkuntzak, botere handienak: mundua definitzen dute gainerako guztien izenean. Horixe da, egia esan, hizkuntza txipiek daukaten sen berezia, handitasunaren zergatia identifikatzen dakitela.
Azken finean, status quo baten berme bihurtzen da borondate oneko esaldia: ez dago hizkuntza handirik ez hizkuntza txipirik, baina hizkuntza batzuek monopolioak dauzkate. Besteak beste, hizkuntzak sailkatzearena. Zuk, txipi, kolabora ezazu. Zaude zure horretan.

4
Hizkuntza txipiek mundua handitzen dute beren burua handitu (behar izan) gabe. Horixe da, hain zuzen, txipiaren funtzioa (handiarentzat): ez handitzea, munduaren anitza frogatzeko. Zehatzago esanda, handien ontasuna erakusteko.
Izugarria hitz horixe, ontasuna.
Bordele munduaren ontasuna. Eta Calaiseko oihana? Alcalá de Henares munduaren ontasuna. Eta Ceutako hesia?
Hizkuntza txipiek mundua «handitzen dute» horren azpian, hizkuntza txipiek mundua «apaintzen dute» irakurtzen du txipiaren begiak.
Munduan kokatze horrek, protagonismo (faltsu) batera ekartze horrek gure txipitasuna ez baina gure azpikotasuna du adierazten (nahi gabetarik): eskua luzatzen digute goikoek, gainekoek. Zatoz gure artera. Eta han, elkartasun (faltsu) horretan, handitasunean hustu, urtu egiten gara. Ez dute inbaditu beharrik izan, geuk heldu diogu (burdinazko) eskuari.

5
Ez, ez dago handirik eta txipirik hizkuntzetan. Denak dira txipi eta handi aldi eta alde berean. Hizkuntzetan, egon, murriztuak eta murritzaileak daude.
Ez, ez dago hizkuntza murritzailerik. Hizkuntzen arteko gatazkak, gatazka sozialen islak ditugu.
Hizkuntza ez da kondenagarri.
Baina murriztuak, egon, badaude.
Hizkuntzak alegia, hizkuntza murriztuak.
Akademiek baztertutako artelanak. Kondenagarriak. Hori esan liteke, hori idatzi liteke. Murriztuak hiztunetan. Murriztuak erabileran. Murriztuak hiztegian. Murriztuak harrotasunean. Txipituen lepotik egin dira handiak handi.
Hizkuntza txipiek ez dute mundua handitzen, hizkuntzak handitzen dituzte: elkar aditu gabe komunikatzen duten ontziak dira: zu (zenbatenaz) pobreago, ni (hanbanetaz) aberatsago.

6
Hizkuntzaren murritza, hizkuntzaren egoera larria, sinbolo ideologikoa bihur liteke. Sinbolo ideologikoa kultur fetitxea bihur liteke. Kultur fetitxeak gutxi behar izaten du amarru komertziala bihurtzeko: zeinen bitxia zaren, laztana. Harribitxi bitxiagorik!

7
Munduak erabaki du euskarak zer egin behar duen. Ez dio galdetu nahi duen, ahal duen, nola dagoen… Nola dagoen, zinez, ba ote dakigu euskaldunok gerok?
Mundua hitza, handien sinadura da.
Aipa ditzagun kontinente desberdinetan hedatu izan diren hizkuntzak: ingelesa, frantsesa, gaztelania, portugesa… Zer kasualitatea, lauak Europakoak! Eta hedatuena AEBkoa izatea ere, kasualitatea ote? Egin dezagun hizkuntza bakoitzaren mapa: mapa horiek, zehatz asko, inperio banaren hedadura erakusten digute, hedadura militar bat.

8
Hizkuntza txipiek esklabotza dute salatzen: gizakia handitzen dute, munduaren kontra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: