Jaurlaritzaren hizkuntz politiken (d)efizientzia

Sarri askotan, iruditzen zait gure agintari txit egurgarriei berdin zaiela errealitateak zer jartzen dien begien aurrean. Izan ere, errealitatea ez du inork aukeratu hauteskundeetan, eta ondorioz, ez dauka erabakitzeko ahalmenik, ezta botere legegilerik ere.

Ezagutza ebaluatzeko, azterketa beste biderik erabiltzen ez zen garaikoa naiz ni; ebaluazio jarraitua etengabeko azterketa-jarioarekin nahasten zen garai hartakoa (pentsatu nahi dut iraganean hitz egin dezakedala). Eta azterketak, garai hartan bezala ulertuta, soilik neurtzen du neur dezakeena: kasu gehienetan, eduki jakin batzuk irentsi eta barruan eusteko gaitasuna, orri zuriaren aurrean jarri arte. Horrela, irentsitakoa hustutakoan, erabat ahazten genuen, eta barealdiaz gozatzen genuen, azterketa eta asperketa artean.

Baina halako azterketak soilik dira egokiak bat-batean baliatu beharreko trebetasunak eta ezagutzak aztertzeko. Argi dago ez dela desiragarriena hegazkineko pilotua larrialdietarako esku-liburua hartuta ikustea, kabinako presioak behera egin duela eta. Baina nekez irudika dezaket egoerarik, zeinetan inork bat-batean jakin beharko duen zein urtetan hasi zen Frantziako lehenengo errepublika, edo zein forma hartzen duen kale hitzak adlatibo singularrean.

Lehenengo multzoan jarriko nuke nik hizkuntzaren kasua. Izan ere, azaltzeak, kontatzeak, argudiatzeak, eztabaidatzeak… bat-bateko gaitasuna eskatzen du. Eta idazteak ere bai, hainbat egoeratan. Beste askotan, berriz, idazteak gogoeta egiteko astia ere eskaintzen digu. Ez da hori, ordea, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena izeneko xedapena argitaratu zutenen kasua.¹ Zertaz ari naizen azaldu edo gogorarazi beharra duenarentzat, argituko dut aipatutako xedapenak zehazten duela ikasleek euskara-maila egokia dutela, baldin eta ikasketak euskaraz egin badituzte, osoki edo ehuneko jakin batean.

Eta, beharbada, gogoan harturik administrazioko testuena ez dela gehien irakurtzen den literatur generoa, ez da neke handirik antzematen argudioetan ere (azpimarra neurea da):

Euskarazko irakaskuntzaren kalitatea eta heldutasuna aintzat hartuta, pentsa daiteke eskolatze-prozesua euskaraz egin duen ikasle batek behar besteko hizkuntza-trebetasunak lortu dituela euskal hizkuntzaren eta literaturaren arloan edo irakasgaian, bai eta hizkuntza horretan ikasitako gainerako arlo eta irakasgaietan ere, eta, beraz, ez duela beharrik beste proba baten bidez euskarako zenbait titulu eta ziurtagiri egiaztatzeko.

Egia da hori pentsa daitekeela; baina pentsatu, kontrakoa ere pentsa daiteke. Bata zein bestea, asko pentsatu gabe, gainera. Halaber, pentsa daiteke derrigorrezko ikasketak amaitu dituenak gustukoak aukeratuko dituela, ondoren. Eta gustuko dituelako, interesez egingo dituela. Eta interesa duenez, nahikoa izango duela irakasleek irakurketak gomendatzearekin, haiek irakurtzeko. Eta irakasleak esandakoak irakurri eta ikasiko dituenez, jakin beharrekoa jakingo duela ikasketak amaitutakoan. Hala ere, inori ez zaio bururatu ikasleen ezagutzak neurtzeko probak kentzea medikuntza-ikasketetatik (zorionez).

Hortaz, erabakita balizkoa eta balekoa parekoak direla, honela jarraitzen du aipatutako xedapenak aurrerago:

2008ko apirilaren 16az geroztik batxilergoko edo goi-mailako teknikariaren titulua lortu eta titulazio horiei dagozkien ikasketen curriculum osoaren % 50 baino gehiago euskaraz egin dutenek ez dituzte aurkeztu beharko Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B2 mailaren baliokide diren euskarako hizkuntza-tituluak eta –ziurtagiriak.

Horrela, egia izan beharko lukeena (ikasketak euskaraz egin dituenak euskara jakingo duela) egia bihurtzen da, legeak horrela dioelako. Logika berbera erabilita, beste urrats bat ere eman zezaketen, eta “pentsatzekoa denez” hizkuntza bi dituen herri batean bizi den orok izango duela biak ezagutzeko gogoa, erabaki EAEn bost urtetik gora daramatzaten guztiek dakitela, dekretuz, euskara. Nabarmen erraztuko lioke horrek bidea euskalgintzari!

Berdin dio hiru urte lehenago egindako ikerketa batek erakutsi izana Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan B2 maila duten ikasleak %68 zirela D ereduan eta %32,6 B ereduan.² Berdin dio ikustea, goi mailako ikasketen %60 euskaraz eginik ere, ikasle askok ez dutela legeak aitortzen dien C1 maila euskaraz (EGA).³ Ikasle horiek irakasle izan ahal izango dira, eta eskolak euskaraz emateko gaitasuna aitortuko zaie:

Uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza ez-unibertsitarioan hizkuntza ofizialen erabilera araupetzen duenak, 9. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dekretu honen 2. artikuluan araututako salbuespenak eragina izango du irakaskuntza ez-unibertsitarioan arlo, irakasgai edo modulu bat (euskal hizkuntza eta literatura salbu) euskaraz irakasteko kualifikazio espezifiko bat izatearen baldintza betetzeko.

Kontuan hartu behar dugu Lehen Hezkuntzako irakasleek hizkuntza eta literatura ere irakasten dutela. Hortaz, legearen arabera, aukera bi izango lituzkete: bata, C1 mailako agiria lortzea; bestea, C1 mailako agiria duen irakasleren batek ordezkatzea hizkuntza eta literatura landu behar dutenean. Baina praktikan, ez bata ez bestea. Legea egin duten edota mantendu duten berberek egiten diote (eta digute) iruzur. Eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan? Tira, hor berdin dio irakasleak zer nolako aldrebeskeriak egiten dituen hizkuntzarekin, non eta hizkuntza-irakaslea ez den. Hartara, euskararekiko kontaktu bakarra ikastetxean duen ikasleari legeak bermatzen dion eredu egoki bakarra hizkuntzako irakaslea izango da. Hori baldin eta C1 maila egokitzat jo badaiteke irakasle baten kasuan.

Zentzuzkoena zatekeen bitartekoak jartzea ikasleek behar duten maila lor dezaten, eta helburu hori erdietsi dela egiaztatutakoan, delako xedapena argitaratzea. Baina zentzua ez da lehenesten, errentagarritasun ekonomikoari eta politikoari kontrajartzen zaionean. Aurreko gobernuak pentsatu zuen errentagarri gertatuko zitzaiola euskara-agiriak oparitzea… eta oraingoak uste du ez zaiola errentagarri gertatuko opari hori ukatzea. Gutxi axola zaie batzuei zein besteei, hezkuntzaren, ikasleen eta euskalgintzaren etorkizuna hipotekatzea. Ajuriaenean ez dago etxegabetzeen beldurrik, hipoteka besteok ordainduko dugu eta.


¹47/2012 DEKRETUA, apirilaren 3koa (https://www.euskadi.eus/bopv2/datos/2012/04/1201701e.pdf)

²Euskararen B2 maila Derrigorrezko irakaskuntzaren amaieran (DBH-4). ISEI-IVEI 2005. http://www.isei-ivei.net/eusk/argital/euskarab2-1.pdf

³Izan ere, pentsatu nahi dut C1 maila egiaztatzeko probatik salbuetsita egotearen arrazoia izango zela “pentsatzekoa dela” C1 maila hori badaukatela, eta ez berdin diola duten edo ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude