Euskara sentitu eta sentiarazteaz

Gure belaunaldiak, neurri batean, arazo moduan jaso zuen euskara; aurreragokoek iraunarazi zuten frankismoan eta eman zioten hauspoa diktaduraren ondorengo urteetan: hezkuntzan, komunikabideetan, erakundeetan, kulturgintzan… Ez zuten lortu, ordea, erabilera behar beste iraultzerik eta guri zegokigun haiek finkatutako oinarrietatik abiatuta jauzi hori egitea. Transmititu zizkiguten ordura arte landutakoaren balioa zein euskaraz komunikatu eta bizitzearen ederra. Baina transmititu ziguten (edo hala hauteman dut nik behintzat) antsietatea ere; “zuek ez baduzue erabiltzen, hil egingo da”. Hamaika aldiz ahalegindu naiz harrezkero esaldi horri darion karga interpretatzen, atzean zer duen identifikatu eta, ahal dela, neuk ez errepikatzeko.
Ulertzen dut gazte bati “…bestela hil egingo da” diotsonak estura handia duela barruan; frustrazioa, ordura arte aurreratutakoa nahikoa izan ez dela pentsatuta, edota inpotentzia, lan horri ondorengoek espero bezala erantzuten ez diotela ikusita. Ulertzen dut hizkuntzaren on beharrez ari dela gazteagoari horrela mintzo zaiona eta, ziurrenik, ez dela konturatuko amildegia erakusten ari zaionik.
Arriskua sumatzen dugun testuinguru horietan (izan mehatxua erreala zein irudikatua) sortzen zaigu, hain justu, antsietatea; gorputza emergentziazko egoerei erantzuteko prestatzen duen emozioa. Eta arriskuaren aurrean erreakzionatzeko modu bi ei ditugu gizakiok: borrokatzea edo ihes egitea. Ulertzen dut, beraz, askok eta askok euskararen aldeko hautua egin genuen bezala, beste zenbait beren burua amildegi ertzean ikusita urruntzea (beldurragatik, nagikeriagatik, inkontzientziagatik…).
Aspaldion kontsigna hori gainditzen hasita geundelakoan banengoen ere, hara non berriro agertu zitzaigun lehengo batean. Korrikako kanta ikastekotan ginen bertso eskolan eta ekimena zertarako den galdetuta halaxe bota zuen ume batek: “euskara bultzatzeko, (…) ze jendeak erabiltzen ez badu hil egingo da”. Ez ginen asko gehiago luzatu baina nago, heriotza zer den argi ez daukaten haurrak ere, nekez erakarriko dituela hain mezu agonikoak.
Interesgarria litzateke (akaso egongo da ikerketaren bat) profil desberdinetako hiztunek euskara zein emoziorekin lotzen duten aztertzea: sentipen horietako zenbat diren positiboak eta zenbat negatiboak, hiztunaren profilaren eta emozioen arteko lotura posibleak… Euskaldun zahar eta berriek, umetan jaso dutenek zein helduaroan ikasi dutenek, bertokoek eta atzerritarrek, helduek zein umeek hizkuntza zelan sentitzen duten ikertzea, alegia.
Belaunaldi bakoitza inflexio puntu bat da hizkuntzaren transmisioan. Guk arazo bat jaso genuen, antsietatea, eta erronka bat planteatu behar dugu: baikortasuna, ilusioa, harrotasuna… Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoa bere argi eta ilunekin eduki behar dugu presente, bai, baina euskara positiboki sentiarazi ere bai; emozionalki engaiatzen denak, gogotsuago, indartsuago egingo baitu hautua arrazionalki ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: