Gure erreferentzia sistema

Komunikazioa hizkuntzaren bitartez gauzatzen da. Hala ere, ez da pentsatu behar alde batetik errealitatea dagoela eta bestetik errealitate horren berri ematen dela, hau da, hemen dagoela errealitatea eta ondoren datorrela horri buruzko komunikazioa (komunikazio hori bigarren mailako zerbait balitz bezala (Williams, 1971).

Autore horren aburuz, gizartea bera komunikazio modu bat da, eta komunikazio horretan deskribatzen, partekatzen, eraldatzen eta eusten zaio praktika sozialari.

Hizkuntza —euskara, espainola, frantsesa… edozein— ez da gizarteak eskaintzen digun traste bat, kaxoi batean gorde eta “orain hartu-orain utzi” egiteko. Geurekin doa etengabe, pertsonak berarekin darama hizkuntza. Pertsonaren egiteko (ia) guztietan dago hizkuntza. Hizkuntza komunikatzeko tresna dela esan ohi da, baina hori baino gehiago da: erreferentzia sistema zedarritzen du, besteak beste.

Nolako erreferentzia sistema baliatzen dugu egunerokoan? Demagun norbaitek lagunartean hau esan duela:

—Gaurko egunkarian hegoaldeko herri txiki bati buruzko erreportaje interesgarri bat irakurri dut.

Testuinguruak argitzen du askotan hitzen esanahia, bai. Baina ez beti. Esaldi horretan, zer egunkari daukan hizlariak buruan (edo eskuan), hegoalde hitzak ere esanahi bat edo beste hartuko du, seguruenik. Euskal erreferentzia marko batean ariko bagina, hegoaldeko herri txiki hori izan liteke Cortes, Fitero, Murtxante… “Ariko bagina”, bai: ezen, sarri-sarri, praktikan hamarretik hamarretan herri txiki hori izango da Ayamonte (Huelva, Espainia), Sedella (Malaga, Espainia), oro har Andaluziako (Espainia) herritxoren bat. Halaber, maiz izan daiteke Aia (Gipuzkoa), Izpaster (Bizkaia), Zuia (Araba) edo Bozate (Nafarroa) ere, Baionatik begiratuta, ez Mauletik edo Donibane Garazitik.

Erreferentzia sistema propiorik ez daukagunez, ostiral arratseko txikiteoan —testuinguru bat zehaztearren— nekez ulertuko du kuadrilla osoak Cortes, Fitero edo Murtxanteri buruz ari ginenik, ezta ari gaitezkeenik ere.

Inoiz pentsatu genuen eskolak erakutsiko zuela hori, eta, urte gutxiren buruan, fakultatean ez zela holakorik azaldu beharko. Ederki jaioak gara!

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: