Ezinezkoa zen Euskararen Parlamentu honetatik ez egitea erreferentzia azkenaldian albistegiak betetzen dituen beste Parlament(u) horri. Aho bete hortz, behin eta berriz ikusi izan dugu Kataluniako Gobernua eta herria aurre hartzen eta iskin egiten Espainiako erregimen (post)frankistaren irudimen faltari, urrats urriko politika dorpeari.
Baina Katalunian garatutako politika-hizkuntzarekin batera, aipagarria da garatu duten hizkuntza-politika ere; eta zabalago, hizkuntza-kultura, oro har. Egunotan, ikusi eta entzun izan ditugu Kataluniako politikariak eta herritarrak naturaltasun osoz hitz egiten katalanez agerraldi guztietan, inolako konplexurik eta lotsarik gabe. Eta tarte berean, ikustekoak izan dira (entzun ez izana nahiago nukeen) gure bazterretako politikariak, ele bitan. Tamalez, azken horiek ere inolako lotsarik gabe. Berdin Espainiako erregimenetik laudatutako euskaldun zintzo, leial eta esanekoak zein independentzia/independencia-zale sutsuak. Urrun, elebitasun horretatik ere, baskistak, jakina.
Norbaitek esan lezake gaztelania dakienari errazagoa zaiola katalana ulertzen euskara baino. Eta hori ez dut ukatuko. Baina hala izanik ere, uneoro izan ditugu azpitituluak, inork ez zezan ñabardurarik ez nabardurarik gal. Akaso, zailagoa izango da gaztelaniazko itzulpena ulertzea, euskaratik itzuli denean katalanetik itzuli denean baino. Baina gakoa beste nonbait dagoela esango nuke nik.
Gero eta gehiago gara uste dugunok halako ordezkariek ez gaituztela ordezkatzen. Eta gero eta gutxiago sinesten diegu “partekatutako subirautzaren” edo “sozialismoaren” promesak eskaintzen dizkigutenean, egingarriagoa den subirautza linguistikoa etxatzean loturik gordetzen duten bitartean, ezkutatu beharreko lotsaizuna balitz bezala.
Badugu zer ikasia, bai, Kataluniatik. Baina dagoeneko, ikasi ere ikasi dugu zerbait. Horrela, botorik jaso ez duen parlamentari naizen aldetik, inork onartu ez duen Parlamentu honetatik, alde bakarreko independentzia linguistikoa aldarrikatzen dut, eta euskaldun orori egiten diot dei botorik ez emateko euskara hutsean jarduten ez duen ezein alderdiri, baldin eta hurrengo hauteskundeetara arteko tartean ez badu epe zehatz, ertain batean, alderdiaren jardun publikoa eta pribatua euskalduntzeko planik jasotzen bere programan. Bien bitartean, erresistentzia baketsua erabiliko dugu gaztelaniaz mintzatzen zaizkigun politikarien aurrean.