Katalunia eta Aran: hizkuntzen auzia abenduaren 21eko hauteskundeetako hautagaitza independentisten egitarauetan

Espainiako Gobernuak Generalitateko presidentetza usurpatu, Parlamentua desegin eta, segituan, bozetara deituta, arrapaladan moldatu behar izan dituzte indar independentistek euren egitarauak. Hauteskundeetatik sortutako Parlamentuak berebiziko garrantzia duten auzien inguruan erabaki beharko duenez, itzalpean geratu dira beste gai batzuk, tartean hizkuntzena. Hala ere, hautagaitza batzuek estatu berria eraikitze-prozesuari ekiteko agindua berretsi nahi duten heinean, are garrantzitsuagoa da zer hizkuntza-araudi ezarri nahi duten jakitea, proposamen bakoitzak zenbateko babesa duen neurtze aldera.

Junts per Catalunya

2015eko irailaren 27ko hauteskundeetan JxS Junts pel Sí koalizioak bezala (74. or.), espainolaren ofizialtasunari eustea proposatu du PDeCATek ardaztutako Junts per Catalunya hautagaitzak bere egitarauan (74. or.). Horren zergatia zehaztu ez badu ere, pentsatzekoa da JxSren arrazoibide bera duela oinarri: “ezein herritarrek eskubiderik ez galtzea”, eta hori, espainolak ofizial izaten jarraitzearekin berdintzea. Arrazoibide okerra da hori, ordea, norbanako hizkuntza-eskubideak aitor baitaitezke, behin-behinean edo modu iraunkorrean, ofizialtasunetik eratorri gabe. Halaxe da nazioarteko hizkuntza-zuzenbidean, atxilotuei eta auzipetuei dagokienez (ik. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Libertateak babesteko Europako Hitzarmeneko 5. artikuluko 2. idatz-zatia, 6. artikuluko 3. idatz-zatiko a eta e letrak; Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Hitzarmeneko 14. artikuluko 3. idatz-zatiko a eta f letrak; Haurraren Eskubideei buruzko Hitzarmeneko 40.2.VI artikulua), eta halaxe aurreikusten zuen 1931ko uztailaren 14an Kataluniako Generalitateko behin-behineko Diputazioak onetsi eta udalek eta, abuztuaren 2an, herritarrek (artean gizonezkoek soilik) erreferendumaren bidez baieztutako Estatuturako Egitasmoan. Izan ere, katalana “Kataluniako hizkuntza ofiziala” izango zela adieraztearekin batera, “gaztelania ama-hizkuntza duten herritarrek auzitegietan eta administrazioko organoetan pertsonalki gaztelaniaz aritzeko eskubidea” izango zutela aurreikusten zuen Egitasmoko 5. artikuluak.

Okzitanierari dagokionez, Arango berezko hizkuntza da, baina JuntsxCat-en egitarauak haren ofizialtasunaren maila berean jarri du espainolarena, eta, gainera, aranès deitura dialektalaren bidez aipatuz.

ERC

ERC, Kataluniako Ezker Errepublikanoak du boto-asmorik handiena, eta honako hau proposatu du hizkuntzen auziari buruz bere egitarauan (77. or.):

Katalanak eta okzitanierak, Kataluniako berezko hizkuntzak diren heinean, baita zeinu-hizkuntza katalanak ere, errepublika berriaren ardatz bihurtu behar dute. Euren lurraldean iraun dezaten eta haien etorkizuna berma dadin tresna egokiak eman behar ditu Errepublikak. Eta gaztelaniak Espainiako egungo legedian dituen norbanako hizkuntza-eskubide berak izan behar ditu aitortuta.

JxS koalizioan parte hartu zuen ERCk, eta JxSren egitarauarekin alderatuta, aurrerapausoa da orain ERCk aurkeztu duen proposamena. Hala ere, oraingo egitaraua laudagarriagoa da espirituan, testuan baino.

Lehenik eta behin, faltan sumatzen da ofizialtasunaren kontzeptua, eta hori paradoxikoa da, kontuan hartuta katalanismoak sarrarazi zuela kontzeptua Espainiako hizkera politikoan, 1880ko hamarkadan, arlo juridiko eta sozialean katalana erabat biziberritzeko helburu soziolinguistikoaren adierazle. Horri erantzunez bakarrik sartu zen ofizialtasunaren kontzeptua Espainiako legedian, gaztelaniari aplikatuta eta arian-arian, auzitegi borboitarrak eta bereziki estatu liberala ezarri zituztenetik, administrazioan eta erakunde publikoetan hizkuntza horri emana zioten nagusitasuna bermatzeko. ERCko idazlariek ofizialtasunaren ordezko batera jo izan dute, berezko hizkuntzak kontzeptura, baina ez dute hauteman, bere osotasunean, zer jatorri eta esanahi duen.

Katalunian eta Aranen egun indarrean dagoen hizkuntza-legediaren arabera, hiru hizkuntza ofizial daude: katalana, okzitaniera eta espainola (Kataluniako Autonomia Estatutua erreformatzen duen uztailaren 19ko 6/2006 Lege Organikoko 6. artikuluko 2. eta 5. idatz-zatiak), baina espainolaren ofizialtasunak heteronomia du oinarri. Halaxe adierazi dute Espainiako legegileek beraiek, espainola Katalunian eta Aranen ere ofiziala izatea “Estatuaren hizkuntza ofiziala” izatearekin lotuta (Estatutuko 6.2 art.). Espainiako Konstituzioak (3.1 art.) espainolaren ofizialtasuna Estatuko lurralde osorako inposatuta, honako hau izan da Kataluniako eta Arango legegileen estrategia, katalanari eta okzitanierari nagusitasun erabilera-esparruak emate aldera:

  • (a) Espainiako legegileek eurek Kataluniarako Autonomia-Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 4/1979 Lege Organikoko 3. artikuluko 2. idatz-zatian jasotako berezko hizkuntza kontzeptua, katalanari besterik aitortu ez ziona (Aranen, okzitanierari aitortu dio 6/2006 Lege Organikoko 6. artikuluko 5. idatz-zatiak), izaera juridikoa emanez garatzea. Hartara, katalanerako eta okzitanierako erabilera-esparru esklusiboak, zein bere eremuan, lehentasunezkoak eta derrigorrezkoak ezartzen dituen xedapen orok berezkotasuna du zuzenbide-oinarri, eta berezkotasunak taxutzen ditu Kataluniako eta Arango administrazio publikoen hizkuntza-jarduera, euren jendaurreko jardunbidean. Zuzenbide-oinarri moduan berezkotasunak nolako irismena duen ondoko aginduetan hautematen da argien: hizkuntza-politikari buruz Kataluniako Parlamentuak onetsitako urtarrilaren 7ko 1/1998 Legeko 2. artikuluko 2. idatz-zatian (katalanari dagokionez), eta Arango araudi bereziari buruzko otsailaren 15eko 1/2015 Legeko 8. artikuluko 1. idatz-zatian (okzitanierari dagokionez).

  • (b) Ofizialtasuna norbanako hizkuntza-prestasunera mugatzen den kontzeptu moduan definituz. Printzipio horren arabera, administrazio publikoekiko, haien menpe dauden entitate publikoekiko eta esleipen publikoko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa pribatuekiko harremanetan herritarrak aukera dezake zer hizkuntza ofizialetan arituko diren, baina ez du eraginik aipatu erakundeek euren jarduera orokorrean jarraitzen dioten hizkuntza-portaeran, hori berezkotasunaren kontzeptuak zehazten baitu.

Hartara, berezkotasunak hizkuntza-lurraldetasunaren printzipiora hurbiltzen du Katalunia eta Arango hizkuntza-zuzenbidea. Berezkotasunaren eta lurraldetasunaren artean nolako lotura doktrinala dagoen argiro ikusten da hizkuntza-normalkuntzarako Balear eta Pitiuses Uharteetako Parlamentuak onartutako apirilaren 29ko 3/1986 Legeko zioen azalpenean: “Katalanaren ofizialtasunak lurraldetasunaren estatutua du oinarri, eta honakoa du xede: hizkuntza bakoitzak bere lurralde historikoan duen nagusitasunari eustea. Gaztelaniaren ofizialtasuna, Konstituzioak Estatu osorako ezarri duena, estatutu pertsonalean oinarritzen da, herritarren hizkuntza-eskubideak babeste aldera, haien hizkuntza lurraldeko berezko hizkuntza ez bada ere.”

Berez, wishful thinking bat da adieraztea Espainiako legegileen inposatze hutsaz ez besteko edozein faktorerengatik dela ofiziala espainola, dela Balear eta Pitiuses Uharteetan, dela Katalunian eta Aranen, dela Espainiako Estatuko zeinahi lurraldetan. Hala ere, hemen interesatzen zaiguna zera da: prozesu konstituziogileari dagokion subiranotasun-testuinguruan ez legoke ez Katalunian ez Aranen espainolaren ofizialtasuna ekarri duen faktore heteronomorik. Horrenbestez, espainolaren ofizialtasuna indargabe liteke, eta ofizialtasunaren definizio zabalagoa taxu lezakete legegileek, egun Kataluniako eta Arango hizkuntza-zuzenbideak berezkotasunaren kontzeptuari ematen dizkion zuzenbide-ondorioak ofizialtasunari emanez. Hartara, alferrikako bihurtuko litzateke berezkotasunaren kontzeptua, eta baztertu egin liteke legeditik.

Azkenik, egokia da herritar espainoldunen egoera norbanako hizkuntza-eskubideen formularen bidez konpontzea, ofizialtasunetik kanpo. Hala ere, teknikoki, ERCren egitarauaren proposamenaren idazkera traketsa da oso, hizkuntza hartzen baitu “norbanako hizkuntza eskubideen” subjektutzat, eta ez haren hiztunak.

CUP-CC

2015eko irailaren 27ko hauteskundeetarako CUP-CC Herri Batasunerako Hautagaitza – Dei Konstituziogilearen egitarauak Kataluniako eta Arango hizkuntzei buruzko atal espezifikoa zeukan. Oraingoan, aldiz, “Kultur subiranotasuna”-ri buruzko atalean azpimultzokatua utzi dute, CiUk historikoki aplikatu duen sektorializazioa bere eginez, hizkuntzen izaera egitate literario hutsera murriztuz, eta hizkuntza produkzio-indarra ere badela eta, beraz, izaera transbertsala duela ahaztuta. 2015eko egitarauan CUP-CCk berak adierazi zuen hori, hizkuntzen izaerari buruzko analisi txit egokian: “hizkuntza konkretu batetik harago, honako iritzi hau du CUP-Dei Konstituziogileak hizkuntzaren inguruan: pertsonari informazioaz eta ezagutzaz era kritikoan jabetzea ahalbidetzen dion funtsezko elementua dela, hizkuntza-konpetentzia ikaste-prozesu guztien oinarria delako”.

Orain, berriz, modu nahasian eta ia bide batez jorratu dute gaia (egitarau independentistetatik CUP-CCrena da aurkibidean aipatu ez duen bakarra): kultur sorkuntzaren eta “kultur ekipamendu eta azpiegituren” artean, eta orri erdi bat ere betetzen ez duten hiru paragrafo besterik ez dizkio eman (42. or.).

Honako hau da CUP-CCren proposamena (42. or., 169., 170. §):

Berezko hizkuntzak, katalana Katalunian eta okzitaniera Aranen, gizarte-kohesiorako tresna nagusiak ere badira, baita ardatz komun bat ere. Haren inguruan kudeatu behar da egun katalan gizarteak duen hizkuntza-aniztasun handia. […]

[…] Errepublikaren hizkuntza katalana izateko eskatzen dugu, Arango okzitanierarekin bat, gizarte-eleaniztasunaz tratamendu harmonikoaren barruan.

Hemen ere aplikatzekoa da berezko hizkuntza kontzeptuaz arestian esandakoa, baita hizkuntza ofizial terminoa saihesteari buruzkoa ere. Ez da antzemangaitza Errepublikaren hizkuntza kontzeptuan hizkuntza ofizialarena ere badagoela. Dena dela, 2015eko irailaren 27ko bozetarako egitarauan, argiro aipatzen zuten ofizialtasuna: “katalana eta okzitaniera hizkuntza ofizialak eta gizarte-kohesiokoak izatea, herritarren eleaniztasuna sustatzen duen gizarte eleanitzean” (17. or.). Seguru asko, Errepublikaren hizkuntza terminoa hobetsi dutenek hizkuntza ofiziala katalanismo politikoak sarrarazi zuela hizkera politikoan ez jakiteaz gain, beste hau ere ez dakite: langue de la République Frantziako Konstituzioak frantsesa izendatzeko erabiltzen duen deitura dela, 2. artikuluaren erreformaz geroztik (1992ko ekainaren 25eko 92-554 Konstituzio Legea, Konstituzioari titulu bat gehitzen diona: “Europar komunitateez eta Europar Batasunaz”). Frantsesa Frantziako hizkuntza ofiziala dela esplizituki adierazi zuen lehen legezko deklarazioa izan zen erreforma hori, eta honakoa ekiditea zuen helburu: République-k Eskualdeko edota Gutxiengoen Hizkuntzetarako Europako Gutuna sinatu eta berretsiz gero, aurretik ere egitatez frantsesak zuen nagusitasuna kolokan geratzea. Bigarrenik, ordenamendu juridikoen ondorengotza-testuinguruan funtsezko kontzeptu juridiko linguistikoak apeten arabera ordezkatzeak arazoak ekar litzake, Katalunia eta Arango eta Espainiako Erresumako hizkuntza-zuzenbideek ofizialtasuna baitute oinarri, eta Errepublikako Konstituzioak zein beheragoko mailako legediak kontzeptu ezberdinak erabiliko balituzte honako interpretazio-zalantza ager litezke: espainolaren ofizialtasuna artean indarrean dagoen edo ez. Hori saihestuko litzateke egungo terminologiari eutsita.

Bestalde, hizkuntza ez ofizialei buruz orain indarrean dauden hizkuntza-eskubideei eutsiko litzaiekeen ez da argi geratzen, honako hau besterik ez baitu iragartzen egitarauak: “egun Katalunian mintzatzen diren ehunka hizkuntza erabat errespetatuz egin beharko da hizkuntza-politika, herrialdearen ondarea eta babestu beharreko kultur aberastasuna dira-eta”.

Katalunia eta Arango Errepublikako Konstituzioko hizkuntza-araudirako oinarrizko irizpideak

Urriaren 27an Kataluniako Parlamentuak onartutako independentzia-adierazpenari buruzko plebiszitu moduan egin beharko die aurre independentismoak Espainiako Gobernuak ilegalki deitutako bozei. Hortik eratzen den Parlamentuak izaera konstituziogile jaso lezake, egitatez. Hori dela-eta, Konstituzioak hizkuntza-ofizialtasunari buruzko araudirako nolako hastapenak ezarri beharko lituzkeen argiago zehaztu beharko luke indar independentista bakoitzak. Nire iritziz, honako irizpide hauei jarraitu beharko litzaieke:

  • 1. Katalana eta okzitaniera, Errepublikako hizkuntza ofizialak, lurraldetasunaren printzipioari jarraiki: biak ofizialak Errepublikako lurralde osoaren gainean jurisdikzioa duten erakundeetan, eta bakoitza ofiziala bere lurralde-eremuan; katalana Katalunian, Generalitateak xedatzen dituen zehaztapenen arabera, eta okzitaniera Aranen, Conselh Generau d’Aran-ek finkatzen duen moduan. 

  • 2. Konstituzioak honako agindu hau jaso beharko luke, xedapen gehigarri batean: ofizialak ez diren hizkuntzen hiztunen hizkuntza-eskubideak garatzeko, lege arruntaren bidez. Araudi hori onartzen ez den bitartean, xedapen iragankor batek zera deklaratu beharko luke ordezko zuzenbide: 6/2006 Lege Organikoko 33. artikuluak eta Parlamentuko 1/1998 Legeko 4.ak aitortutako hizkuntza-eskubideak. Etorkizuneko legediak eta ordezko aplikatzen denak aitortutako eskubideek gehigarriak izan beharko lukete beti; ez lirateke ofizialtasunetik eratorriko, nazioarteko hitzarmenek onartzen dituztenak eratortzen ez diren bezalaxe.

  • 3. Espainiako Konstituzioko 3. artikulua, 6/2006 Lege Organikoko 6. artikuluko 2. idatz-zatia, Parlamentuko 1/1998 Legeko 3. artikulua eta eduki bera duen xedapen oro indargabetu beharko lirateke. Azken xedapenetatik batean ordezko legedia interpretatzeko honako klausula hau gehitu beharko litzateke: hizkuntza-ofizialei buruzko aginduek katalanari eta okzitanierari besterik ez dietela eragingo, zeinari bere lurralde-eremuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: