Taldea da helburu bat izatea elkarrekin. Elkarrengana. Elkarrentzat. Taldea egitea da bileretarako puntuala izatea, hizketan goxo jakitea, entzutea eta isiltzea. Zailena igual hori: behar denean isiltzen jakitea. Taldean lan batzuk etxera eraman behar dira: kezka batzuk, testu batzuk, dei batzuk. Taldean jakin behar da helburuekin bat egiten: enpresaria bahituta egon eta lazo urdina edo berdea eramaten zuen jakinda ere, etxe okupatuetan sortua edo bulego garbi eta ofizialetatik datorren sumatuta ere, edadetu egoskortua izan, edo gazte txorimalotua. Herrigintzan.
Taldea da komunitate bat. Kooperatiba bat. Maite klub bat. Taldea da arnas bat. Garraisi bat eta ezin bat. Ekinez egina. Talde da ni, taldea da zu, eta gu. Batez ere gu. Eta denak, denak ditut konplize: berandu samar datozenak, entzuten ari ez direla diruditenak, helburu sozialak baino giza berotasuna behar dutenak, maitatzera datozenak, maiatzera datozenak… denak. Ditut konplize eta maite ditut.
Taldeak. Taldeak salbatzen ditu herriak. Taldeak egiten. Gu ere taldeak salbatuko gaitu. Elkarrekin lortu dugu garena. Eta elkarrekin lortuko dugu nahi duguna. Taldea baita etxe. Taldea sukalde. Etxe berri bat da Zarauzko herrian sortzen ari garen euskara taldea ere. Lirikarako baino garai zailagoak dira biltzeko. Bakoitza bizi baita bertan goxo gimnasioetan, ingeles akademia garestietan, zentro komertzialetako jatetxeetan, Facebookeko hormetan. Gure bizitzak komun bilakatzeraino. Pribatu eta pertsonal. Eta ematen ditugu kremak ispiluan begiratuta garena desikasteko. Garai zailak elkarrekin aritzeko. Elkarrentzat aritzeko GKEetatik kanpo. Garai zailak oso taldean elkartu, elkarrekin bidea egin, elkarrekin haserretu, elkarren portfolioak ulertu eta helburu bat elkarrekin lortzeko. Baina inoiz baino beharrezkoago elkartzea, hausnartzea, eta ekitea. Elkarrekin lortuko dugu izan nahi duguna. Elkarrekin. Edo ez.