Gertatzen ari da, bai

Aurrenekoz ikusi nuenean ez nion bestelako garrantzirik eman: zurekin gehiago gara. Txatxugarreneko publizitate kanpaina bat. Egia zen gainera, tarteka Euskadi Irratia eta EITB Irratia (“La RRRadiooo”) entzuten ditut errepidean kamioi artean noala, eta ni ere zenbatzen banaute une horietan, ez da dudarik bat gehiago daukatela “entzuleen komunitatean” U Muvriniren Curagiu entzuten noanean baino.
Hurrena, espaloi batetik bestera egiteko zain gelditu behar izan nuelarik, kasu eman nion panelaren letra xeheari: ehun eta hogeita hamar mila erabiltzaile bakar egunero.
Bakar? Bakartia ni? Konpainia ere gustatzen zait.
Trenean sartutakoan jausi nintzen piku baldotik. Txatxua, nire garuna. Ahaztu egin zitzaion gaztelaniaz pentsatu behar duela EITBren promozioen euskara konprenituko badut.

Vai vai vai, curagiu…

Jarri nintzen bada deskodetzen atze-itzulpena eginez ideia horren jatorrizko hizkuntzara eta, adierazpidetik adiera logiko bat aztarrentzeko ahaleginean non etortzen zaidan bakar horrek ez duela kopurua adierazten, nolakotasuna baizik: único(s), irrepetibles, inigualables… Ehun eta hogeita hamar mila entzule paregabeko egunero, ni barne. Izatetasun harromerke hori: beste inor ez bezalakoa zara, EITBren gainerako entzule eta ikusle guztien antzera bakana baitzara, hauta, bereizia milakako multzoan, kultua, bikaina, inteligentea eta adar eta adar eta adar. Bravo sutsu bat creativoari!

Horrela konprenitzen ahal dut orain zurekin gehiago gara hori ere: ez du gehiago esan nahi, gaiago baizik, alegia, EITBren autoaupari legokiokeen hizkeran “lehiakorrago” adibidez, somos más que nadie azpi mezua, contigo. Horrela konprenitzen ahal dut orain konfiantzazko itzultzailearen edo itzulpen enpresaren lan zuzenokerra gehiago izatea, beste irrati-telebisten entzuleak eta ikusleak edo ikusentzuleak baino gehiago inteligentea naizelako edo, jator esanda noski inteligente gehiagoa naizelako. Euskara besteren zerbitzura herrestan, ezinik, gaztelaniaren kodeetara eta kidetasunetara egokitzeko izerdi tristean. Adierazkortasuna gaztelaniak, moztadea euskarak.
Zenbat diru xahutu ote da, berrizko berriz, hori egiteko?

Vai vai vai / curagiu ùn ti piantà / vai vai vai / dumane hà de cambià…

Duela ordubete EITB paratu zait aurrez aurre nire aztarrenduen  okerra erakutsiz, izan ere, bakana, hauta, bereizia, kultua, bikaina eta inteligentea izan arren EITB entzuten dudanetan (ez dut ikusten, ez naiz itsua), deskonektaturik ez bainaiz uste nuena bezain bizkorra:

Aditu ofizialek nahi beste txosten egin dezakete, XXI. mende osorako planifikazioa egin dezakete EAEko hizkuntza ofizialen elkarbizitza edo parekidetasuna edo ohorezko akordioa argudiatuz, baina sekula ez digute erakutsiko nola funtzionatzen duen gobernuaren makinak: gaztelaniaz pentsatzen du eta gaztelaniaz egiten du euskal komunitateari euskaraz egin behar dionean ere.
Kanpaina politikoetan zein turismokoetan, kirolekoetan zein kulturakoetan, trafikokoetan zein osasunekoetan, mezuaren leloa gaztelaniaz pentsatua eta emana da euskal hitzez, Lakuatik. Ez Lakuatik bakarrik, Lakuarenak bide egin baitu, luzea. Euskarak ez dauka autonomiarik autonomian. Garden esanda, komunikazio ofizialetan euskararen sortzailea gaztelania da.
Ondorioz, euskaldunak, euskal sortzaileak kasu honetan, sistema ekonomikotik kanpo dauzka baztertuak makinaria diglosikoak. Euskara hezur-mamizko gizakiz bizi denez, gertatzen ari da, bai, euskaldunak, langile euskaldunak, hizkuntzaren langileak marjinalitatean edukitzeko tresna izatea elebitasuna. Urtea joan eta mendea etorri da gertatzen ari euskaldunek ez dutela agintzen euskara ofizialean.

Hurrengo txostenetan, zuen testu mamitsuak zuzen interpreta ditzagun, egizue lehenik taula ekonomiko sorta bat, otoi, esplikatuz zenbat irabazten duen gaztelaniak euskarari kenduta gobernuaren politika linguistikoan. Eta datu horiek baliatuz atera ezazue egun argira zenbat mesede egiten dion gure hizkuntzari halako jardunak, erran nahi baita, zenbat okerreko, zenbat kalteko, zenbat makurtu-behar lotsagarri, eta egizue kalkulua nolako mesedea egiten digun euskaldunoi gure begian, gure belarrian, gure garunean, gure urdailean gobernuaren politikak, hutsik, politikak.

Hizkuntzen gatazka, gatazka sozialaren alderdi linguistikoa da.

Vai vai vai / curagiu ùn ti piantà / vai vai vai / dumane hà da cambià / vai vai vai / curagiu / vai vai vai / curagiu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: