Euskara sustatzeko politikan, EHU katebegi galdua

Ikasturtea hasi berritan, aro ezin hobea zabaltzen da datorren ikasturteko erronken inguruan patxadaz gogoeta egiteko, zurrunbiloak oharkabean harrapa ez gaitzan. EHUk badu esku artean erronka erraldoi bat, atzeraezina dena: euskara sustatzeko bere politika berrikustea. Abagune aproposa dugu hizkuntza-politikaren auziaz hausnarketa egiteko, besteak beste, plan eta estrategia berriak diseinatuko direlako laster: batetik, errektoretza-talde berriak hauteskunde-programan iragarri zuen moduan, Euskararen II. Plan Gidaria ebaluatzeko eta III. Plan Gidaria diseinatzeko asmoa du; bestetik, errektoretza-taldea berritzearekin batera, Jon Zarate izendatu dute Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren Arloko errektoreorde, eta lehen unetik hizkuntza-politika berrikusteko eta birdefinitzeko asmoa agertu du; azkenik, Miren Dobaranek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuak, garai berri bat iragarri du, eta elkarlanaren garrantziaz zein estrategiak berrikusteko premiaz jardun du (Berria, 2017-06-24). Elkarlanaren auziak hainbat adar hartzen ditu, eta hain zuzen ere, guk adar jakin batean jarri nahi dugu arreta: EHU eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanean, euskara sustatzeko politikaren esparruan.

Gogoetarako abagune berri horretan, Eusko Jaurlaritzak 2012. urtean abian jarri zuen Euskara Sustatzeko Ekintza Planari (ESEP) begiratu diogu. Galdera honi tiraka heldu diogu 2022ra arte indarrean dagoen ekintza-plan horren irakurketari: zer leku du EHUk ekintza-planean?

Ezustekoa hartu dugu.  Eusko Jaurlaritzaren egitasmo horren bigarren atalean, esparruko neurri-ekintzak zehazten dira, eta esparruz esparru hainbat erakunde eta elkarte publikori aitortzen zaie euskararen sustapenean funtsezko katebegi izatea: Foru Aldundiak, HABE, EUDEL, Justizia administrazioa, EITB, Osakidetza, eta abar. Baina, EHUren zeharkako aipamen pare bat baino ez dago plan osoan. Biziki deigarria egin zaigu unibertsitate publikoaren zeregina estrategia orokor horretan ez kokatu izana, eta oro har, unibertsitate-esparrua ia ez aipatzea.

Irakaskuntzaren esparruaz aritzean, unibertsitatea zentzu zabalean aipatzen da planean, zehazki, euskarazko ikasketen eskaintza sendotzeko ekintzari begira. Euskalduntze eta alfabetatzearen esparruan ere, EHU erakundea aipatzen da, ez eragile modura, baizik eta helduen euskalduntzearen baliabideak egokitzerako unean kontuan hartu behar den erakunde gisa. Hortaz, EHUri zeregin bakar bat aitortzen zaio plan horretan euskara sustatzeko politikan: euskarazko irakaskuntza-eskaintza sendotzea.

 

Kanpotiko ikuspegi horretatik barrukora egin dugu eta EHUko Euskararen II. Plan Gidaria ere arakatu dugu, errektoretza-talde berriak ebaluatzeko asmoa duena, eta kasu honetan ere, harriturik ikusi dugu Plan Gidariak ez duela EHU jartzen euskararen normalizazio-planaren marko orokorrean. Sarreran aitortzen du  euskal gizartearen premiei erantzungo dielarik, euskara eta euskal kultura bultzatuko dituela.  Baina ekintza-neurriak banan-banan aztertuta, berehala konturatu gara unibertsitatearen barruko erabilerari begira eginiko plana dela. Plan gidariak berak ere euskarazko irakaskuntza-eskaintza bermatzea izan du erdigune eta, neurri apalagoan, administrazio eta zerbitzuetako langileen euskarazko harremana. Argitalpenenen alorrean ez bada, ezer gutxi zehazten du plan gidari horrek unibertsitateak gizarteari euskararen eta euskal kulturaren sustapenean eskaini beharrekoaz.

Unibertsitate mailako euskarazko irakaskuntza-eskaintza sendotzea funtsezkoa iruditzen zaigu eta, zalantzarik gabe, EHUren ekarpen ezinbestekoa da unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileen arteko harremana euskaraz izan dadin bermatzea. Baina euskararen biziberritzean unibertsitate publiko baten zeregina harago joan beharko lukeela iruditzen zaigu. Bere eragin-eremua unibertsitatearen esparru fisikotik kanpo ere zabaldu behar duela. Areago, ESEPk euskara sustatzeko dituen helburu estrategikoei erreparatu besterik ez dago, gaur egun indarrean dagoen ekintza-plan orokor horretan EHUk ere funtsezko katebegi beharko lukeela ohartzeko. Hiru helburu estrategiko zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzaren ekintza planak: jabekuntza, erabilera eta elikadura. Hirurotan nabarmendu nahi genituzke EHUk egiten duen funtsezko ekarpena, zalantzarik gabe sendotu ere egin beharko litzatekeena.

ESEPen lehen helburua euskararen jabekuntzan eragitea da, baina alor horretan ahazten du hizkuntzen jabekuntza etengabekoa dela, eta unibertsitate-mailara helduta, erabilera-esparruen araberako berariazko jabekuntzan ere eragin behar dela; bereziki euskara bezala normalizazio-bidean dagoen hizkuntza baten kasuan. Gradu bat ikasterakoan edo lan-esparru baterako prestatzean, jakintza espezifikoak eta gaitasun tekniko berezituak ikastearekin batera, alorreko terminologiaz eta baliabide komunikatibo-linguistikoez jabetzen gara, eta EHUk biziberritze-eremu horretan eragin-gune funtsezkoa da. Bestalde, unibertsitate publikoak, profesional euskaldunak trebatzearekin batera, alorrez alorreko profesionalek euskararen normalizazioan duten arduraz kontzientzia piztea ere izan behar du helburu; profesional horien jarduna erabakigarria izango da etorkizunean arlo profesional eta soziokulturalak euskalduntzeko bidean.

Ekintza planak argi adierazten du, hizkuntza baten erabilera sustatzeko hizkuntzaren jabekuntza ez dela aski, eta bestelako faktoreek eragin handia dutela: besteren artean, hizkuntzaren bizitasunaz, indarraz edo adierazkortasunaz dugun pertzepzioak, alegia, hizkuntzak duen egiazko balio funtzional eta sinbolikoaz dugun usteak. Hain zuzen ere, unibertsitateak aldeko pertzepzioak eta usteak sortzen lagun dezake, alorrez alorreko diskurtso baliabideen garapenean lagunduz edota euskarazko ekoizpen kulturalak sustatuz. Unibertsitate publikoa gune egokia da euskararen imajinarioa aberasteko, eta diskurtso publikoan euskararen erabilerari balioa emateko.

Euskarazko kalitatezko edukiak sortzeari ere garrantzi berezia ematen dio ESEPk, komunikagarritasuna eta adierazkortasuna ardatz izango dutenak. Edukien sorkuntza zein transmisioa sustatzeko espazio aproposa da unibertsitatea, askotariko arloak batzen dituelako, eta elkarlanerako guneak sor ditzakeen egitura delako. Gainera, lehentasuna ematen die esparru jakin batzuei ESEPk: horien artean daude administrazioa, arlo sozioekonomikoa, publizitatea eta hedabideak, besteak beste. EHUk alor horiekin guztiekin loturiko graduak ditu eta alor horretako profesionalak sortzea dute helburu (Ekonomia, Enpresa, Informatika, Kazetaritza, Publizitatea, Zuzenbidea…).

Elikadurari dagonionez, izan badira EHUn ere euskarazko kalitatezko edukiak berariaz lantzen dituzten ekimenak: euskarazko corpusekin eta euskararako informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin lotuak. Jar dezagun, adibide gisa, testu hau gainbegiratzen digun XUXEN zuzentzailea, EHUko IXA taldeak eta Elhuyarrek elkarlanean sortua.

Oro har, euskal kulturaren transmisioa eta sorkuntza gakotzat jotzen da ESEPn, eta errektoretza-talde berriak hauteskunde-programan ere aipatzen zuen EHUk Euskal Herriaren garapen soziokulturalean betetzen duen eginkizuna indartzea duela helburu. Asmo horiek itxaropena piztu digute, euskal gizarte eta kulturarekiko konpromisoa izeneko atalean “gure unibertsitateak Euskadiko garapen kulturalean betetzen duen zeregina indartu” irakurtzean, euskarazko garapen kulturalak ere hor bere txokoa izango duelakoan. Zalantzarik gabe, unibertsitatearen irakaskuntzak egitura guztiz aproposa eskaintzen du euskal produktuen sorkuntza eta ezagutza sustatzeko. Baina, ikusteko dago hurrengo urteotan kulturaren transmisioari eta sorkuntzari zer-nolako garrantzia emango zaion EHUn. Gaur-gaurkoz graduen ikasgaien egitarau ofizialetan eta derrigorrezko ikasgaietan leku gutxi du euskal kulturak. Are gehiago, badira euskal kulturaren inguruko ikasgai gutxi batzuk, baina ingelesez eskaintzen dira eta nazioartetik datozen ikasleak dituzte hartzaile nagusi. Bertako ikasleentzat, aldiz, bakanak dira euskal kultura langai duten ikasgaiak.

Jakin badakigu planen diseinuek ezer gutxi balio dutela, paperera bildutakoa gauzatuko ez bada. Baina, hizkuntza-politikarako bide-orria birpentsatuko du EHUk hurrengo ikasturtean, eta abagune honetan dagozkigu estrategiaren inguruko gogoetak egitea. Euskararen III. Plan Gidaria diseinatzeko atarian, EHUk ezin dio iskin egin euskara sustatzeko duen gizarte-ardurari. Euskara sustatzeko marko orokorrean bilatu behar du bere gizarte-funtzioa, marko orokor horretara egokitu bere normalizazio-jarduna. Bestalde,  Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoa funtsezko eragiletzat hartu behar du. Hizkuntza-politikarako plan bateratu eta integral bati heldu nahi bazaio, eta elkarlana eraginkor bihurtu nahi bada, ezinbestekoa da norabide bertsuan eragitea biok, baita euskara sustatzeko planen arteko zubiak eraikitzea ere. Jakina, erronka horri erantzuteko unibertsitateko eragile guztion elkarlana eta konpromisoa funtsezkoa izango da, baita behatzaile-lana ere, diseinaturiko bide horrek aurrera egiten duela egiaztatzeko.

Agurtzane Elordui

Iratxe Retolaza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: