Badira urte batzuk hizkuntzaren didaktikako adituek proposatu zutela hizkuntzak uztartuta irakatsi behar direla. Alegia, ikasleak hizkuntza batean ikasten dituen hainbat elementu beste hizkuntzak ikasteko ere baliatzea da helburua (transferigarriak direlako hizkuntza batetik bestera); testu generoen egiturak, testu molde bakoitzaren helburuak, eta abar. Beraz, ez dauka zentzurik hizkuntza bakoitzean zerotik hastea beti, gainontzekoetan ikasitakoa aintzat hartu gabe. Hori horrela, Heziberri 2020k euskara ardatz izango duen eleaniztasuna proposatu du bere eredu pedagogikoaren markoan, helburu hartuta ikasleek hizkuntza guztiak biltzen dituen hizkuntza-bilduma bat garatzea. Horretarako, ikastetxe guztietan garatu beharko dira Hizkuntza Proiektuak, eta gida mardul bat ere sortu du Eusko Jaurlaritzak horretarako.
Hizkuntza Proiektuok, ordea, tresna gisa soilik jasotzen dute hizkuntza, eta ez dute euskal kultura ikastetxeetara eramateko inolako proposamenik egiten. Horrek ekarri du, batetik, euskara bultzatu nahian hizkuntza proiektuak eraikitzen lan ikaragarria egin duten ikastetxeetan orain ohartzea euskal kulturaren hainbat eta hainbat alderdi ez dituztela aintzat hartu eta, ondorioz, curriculumetik kanpo geratu zaizkiela; eta bestetik, euskal kultura ikasgeletan lantzeko jarduerak egiten zituzten ikastetxeek ez dute inolako laguntzarik jaso horiek curriculumean nola txertatu jakiteko, eta isolatuta geratu zaizkie, ostera ere, kultura lantzeko egiten dituzten jarduerak.
Ikasleak euskaldundu nahi baditugu, hemengo kultura transmititzea ezinbestekoa da, eta horretarako, ez da aski hizkuntza proiektu eleanitzak egitearekin: irakurketa planak behar dira, inguruko aldizkariak eta blogak ikasleen eskuetara iritsarazteko plangintzak egin behar dira, ikasleak kultur kontsumitzaile eta sortzaile bihurtu behar ditugu… Harremanak euskararen bueltan eraikitzea ahalbidetu behar dugu, ez euskaraz soilik.
Baina, berriro ere, “Eusko” Jaurlaritzak euskal kultura albo batera utzi digu. Horren arrazoia Heziberriko markoan azaldu digute: “Tradiziotik abiatuta, euskal kulturaren eredu berri bat birsortu behar da, modernoa, funtzionala eta estetikoki atsegina” (Heziberri 2020. Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa, 17. orrialdea).
Gure kultura ez zaie, agi denez, funtzionala eta estetikoki atsegina.