Euskal Herriko 20.000 gaztetik gora lubakietan zegoen duela ehun urte. Lehen Mundu Gerra zen, eta Ipar Euskal Herriko 50 urte arteko gizonezko guztiek gerra egin behar izan zuten Frantziako armadan. Garai hartan Lapurdiko, Zuberoko eta, bereziki, Nafarroa Behereko 7.000 etxetara heltzen zen euskarazko astekari bat, Eskualduna. Euskaltzaleak ziren aldizkari hura egiten zutenak, euskara maite zuten. Baina, bereziki, euskaraz idaztea erabaki zuten, garai hartako herritarrek ez baitzekiten frantsesik, eta beren mezua zabaltzekotan, euskaraz aritu behar zutelako.
Euskaraz aritu zen aldizkari hura, ia 60 urtez. Baina etengabe Frantzia goraipatuz. Bere ildo politikoa zeukan (oso eskuinekoa), eta Frantziako politikaz anitz aritzen zen. Gerra garaian nabarmenki goraipatu zuen Frantzia; baina gerra baino lehen eta gerraren ondotik ere erakusten zuen Frantziarekiko atxikimendua. Euskaraz idazten zuten Frantziaren alde: epe luzera, jarrera hori euskararen kontrakoa izan zen, Euskal Herriaren eta euskararen kontrako estatu baten aldeko jarrera indartzen aritu baitzen urte haietan guztietan. XX. mendean sekulako gibelapena bizi izan zuen euskarak, jendea Frantziarekin identifikatu zelako; eta horretan, Frantziak euskarazko astekari baten laguntza izan zuen.
Ardura guztia ez dauka Eskualduna-k, bistan da. Baina Euskal Herriaren kontzientziarik gabeko jendeak, pixkanaka-pixkanaka eragin du euskaldunek euskara abandonatzea. Besteak beste horregatik dago euskara hain ahul, gaur egun, Ipar Euskal Herrian. Orain, badirudi aldatu dela euskararekiko jarrera. Ikastolek gero eta ikasle gehiago daukate eta frantses eskola publikoak gero eta gela elebidun gehiago irekitzen ditu. Eta eredu elebidun hori saltzen dute euskararen aldeko neurri gisa.
B edo A ereduaren aldekoek diote eskola publikoaren alde egiten dutela (ikastola gaitzesten dute, pribatua delakoan). Eta baieztatzen dute eskola elebidunetan ikasleak euskalduntzen direla. “Elebitasunaren” mezuarekin iradokitzen dute haien ereduko ikasleek bi hizkuntza ikasten dituztela (euskara eta frantsesa) eta ikastolakoek bakarra (euskara). Hori ez da horrela: ikastolako ikasleek ikasten dituzte lau hizkuntza (euskara ongi, frantsesa ere bai, eta ingelesa eta espainola geroago); eskola elebidunetako ikasleek ez dute euskara ongi ikasten, ikerketa batzuek frogatu duten bezala. Ez dira benetako eskola elebidunak. Ikasgai batzuk badituzte euskaraz, eta gainerako guzti-guztia frantsesez dute, jolas garaia barne. Euskararen alde ari direlakoan, eskola elebidunen defendatzaileek sinetsarazi nahi digute minbizia parazetamolarekin senda daitekeela. Hots, eskola elebidunen gaitasunari buruz gezurra errateaz gain, beren seme-alabak euskalduntzea nahi luketen gurasoak engainatuz lortzen dutena da euskara oraino gehiago ahultzea.
Baina euskararen aldeko jarrera hobetu da, eta horregatik pozik egon behar omen dugu. Ez gaituzte gehiago iraintzen euskaraz ari garelako, ikastolan ikasten edo irakasten ari garelako. Eta bada zerbait. Nolabaiteko hizkuntza politika ere badaukagu, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) bidez. Txanponaren beste aldeari so egin diezaiogun. Ipar Euskal Herrian ez da lortu euskararen ofizialtasuna, eta ez dago agendan. Duela zenbait urte, Frantziako gobernuak onartu zuen bakarra zen erakunde publiko bat sortzea, euskara “laguntzeko”. Euskararen egoera larria ikusiz, EEP ez da behar bezain tresna boteretsua. Baina balio du euskaltzaleen kexak isilarazteko. Beraz, euskararen garapena egin nahian, garapen hori mugatzeko tresna da.
Baina zinez eta zintzoki euskararen alde ari diren sektoreetan ere badago, nahigabe, euskarari kalte egiten dion joera bat. Har dezagun euskarazko komunikabideen arloa. Euskarazko komunikabideak maiz ari dira negarrez ez dutelako behar adinako diru-laguntzarik, eta aldi berean ari dira beren lana txalotzen. Baina sektore zatikatu bat da, ez da erreferentea komunikabideen kontsumoan, eta ez du ematen erreferente izatea lortzeko helbururik daukanik. Ez dago benetako anbiziorik publikoa zabaltzeko. Bakarrik egiten bada euskaraz egiteagatik, eta herri ikuspegirik edo estrategiarik gabe, ezin da behar bezain urrun joan, eta horrek ez dio mesederik egiten euskarari.
Tresna asko daukagu gure esku. Baina ez da nahikoa garai batez tresnak sortu izana eta orain nola ahala iraunarazten ahalegintzea. Egunero arduraz jokatzea dagokigu, tresna horiek euskararen sustapenerako baliagarriak izan daitezen.