Gizon jakintsuak dio

Associar X amb un ‘retorn a la Natura’
és en tot cas girar-se d’esquena a la Història
—i inhibir-se, irresponsablement,
de les relacions entre la comunitat lingüística pròpia i la resta
és resignar-se dòcilment a una posició marginal i subalterna.
Lluís V. Aracil, Dir la realitat (1983)

Aitzin-solasa
Ganbera hau sortzearen oinarrian kezka bat dago: berreuskalduntze-prozesuaren muga soziopolitikoak (euskal abertzaletasun politikoak, hitzez edo ekintzez, bere sorreratik onartu zituenak, bestalde). Herri-mugimendu euskaltzaleak, ordea, luzez hausnartu du euskararen biziberritze-prozesua aitzina eramateko ahalbidetze-baldintzen gainean, eta are luzeago aritu da baldintza horiek gauzatzeko ekinbideetan. Ez dezagun ahantz: horri esker baditugu euskara batua, ikastolak, euskal hedabideak, euskararen ofizialtasun formala lurraldeko zati batzuetan, zenbait administrazio publikotan eta sektore pribatuko esparru batzuetan, etab. Horrexegatik suertatzen da garratz, hein handi batean erakunde publikoek bizkar emanik burutu eta burutzen den prozesuaren andra-gizon aitzindariek hain onarpen gutxi jaso izana, eta, aldiz, Euskal Herriko hizkuntza-gatazkaz nazioarteko itzal handi samarreko zeinahi kalakarik mota guztietako laudorioak jasotzea ahoa zabaldu orduko, dioena dioela. Enperadorearen jostungai andana dabil gurean, antza.
Dena den, nago arrazoi sakonagoak daudela hori azaltzeko, eta hasieran aipatu muga soziopolitikoekin zerikusi handia dutela. Izan ere, berreuskalduntze-prozesua bururaino eramateko borondate politikorik ez dagoenean, zer alternatiba dute euskalgintza ardituko kargulantek, statu quo soziolinguistikoa erretolikoki apaintzea ez bada?

Diglosiaz
Testuinguru horretan kokatu behar ditugu 2009an Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeak diglosiaren alde agerturiko adierazpenak, eta handik pare bat urtera haren kargulant batek kontzeptu horren inguruan buruturiko «argitze-saioa», luze bezain nahasi eta antzua.
Gogora dezagun, nazionalismo espainiarraren antzera estreinako euskal abertzaletasun politikoaren hizkuntza-ideologia eta -jarduera diglosiazkoak zirela, eta, erretolikak erretolika, espainola zela haren nazio-hizkuntza. Euskara etxean, lagunartean, elizan, lehen hezkuntzan jarduteko berezitasuna zen (eta ingurune euskaldunetan baino ez), baita nazioarteko hizkuntzalarien, antropologoen eta folklore-ikerlarien ikergaia ere. Nazio-hizkuntza ez izanik, ez zen estandar-aldaerarik taxutu behar. Aitzitik, Arana eta Goiritaŕ Sabinengandik Ramón Menéndez Pidal ideologo espainolistarenganaino, sakabanaturiko altxorren bilatzaileen uholde turistikoa zekarren hitz eta esamolde ondarearen kaltean izanen omen zen euskara ingurukoen bezalako hizkuntza moderno bihurtzea. Euskal abertzaletasunaren baitako indar harremana eraldatu zenean hasi zen diglosiazko ikusmolde hori gainditzen, eta ekin zioten euskara batuaren sortze prozesuari, Txillardegi buru. Hala ere, jakina denez, berreuskalduntze-prozesuak muga nabarmenak topatu ditu, legezkoak, sozialak eta politikoak. Eta muga horiek gainditu nahi ez izateak azaltzen du zergatik berragertu den gurean diglosiaren aldeko diskurtsoa.
Gaur egun, ordea, diglosia ez da bi hizkuntzaren arteko konpartimentazio hierarkizatua funtzioaren arabera, baizik eta adierazle lausoa, hutsik ia. Praktikan, baina, euskarak funtzio berriak eskuratzeari uko egitea zuritzen du «diglosiaren» erretolikak, eta, horrenbestez, berreuskalduntze-prozesua burutzeko behar den plangintza politikoa saihestea zilegi egiten. Xede horretarako dira erabilgarriak, hagitz, Gizon Jakintsuaren esanak, euskalgintza ardituaren baitan halako itzala erdietsi dutenak: «Nire ustez diglosia eredu aurreratuagoa beharko zenukete. Horrela, euskara biak, J (High, Jasoa) eta X (Low, Xehea), izango litzateke, bai eta espainiera ere, eremuaren eta pertsonaren historiaren arabera, J eta X izango litzateke».
(Txalo zaparrada).
Beste teorialari batek, Charles A. Fergusonek, hizkuntza bereko bi aldaeraren arteko banaketa hierarkizatu moduan definitu zuen diglosia. Gure kasuan, batuaren (J) eta euskalkien (X) arteko funtzio-banaketa izanen litzateke adibide bat (ez da beharrezkoa Suitzarainoko bidaia egitea, gure gizon jakintsutxoak hain gogoko dutenez, batik bat kontuak iluntze aldera). Fergusonek eszeptizismo handiz jaso zuen Gizon Jakintsuak diglosiaren kontzeptuaren eremu epistemikoa gero eta gehiago hanpatzeko egindako ahalegina, bereizte epistemikorako ahalmenean datzalako kontzeptuen indarra, eta hamaika errealitate ezberdin izendatzen omen dituen hitzak deus gutxirako balio duelako. Hala ere, diglosia bi hizkuntza ezberdinen arteko jarduera bereizia izendatzeko kontzeptu baliagarria delakoan nago, baldin eta kontzeptua ondo definitua badago. Alegia, zer izendatzen duen eta zer ez duen izendatzen argi geratzen bada. Eta Jren eta Xren arteko konpartimentazio zurruna egotea ezinbestekoa da diglosia egoteko. Gaurko Euskal Herrian, eta berreuskalduntze-prozesuaren mugak muga, ez daukagu horrelakorik, baizik eta bi hizkuntza elkarren arteko lehian funtzio berak betetzeko, hau da, hizkuntzen gatazka-egoera, aipatze hutsak Gizon Jakintsua eta haren hauspotzaileak hainbeste ikaratzen dituena.

Erdara plazara, euskara etxera
Diglosiaren aldeko ideologiak, ordea, aztarna nabarmenak utzi ditu bere aldezleengan. Gaur egun, alta, arestian aipatu pellokeria hitzetik hortzera darabiltenetako inork ez du honako hau aipatu, ezta euskalgintza ardituko kargulantik moldakorrenak: «Ez dakit zerk egiten duen garrantzitsu Astrofisikarentzat euskaraz irakatsia izateak. Natur zientziak euskaraz egin daitezen behar den ahalegin eta dirutza inbertitzeko eskatuz inori ez diozu ezer frogatzen».
(Isilune luzea).
Baliteke astrofisiko euskaldunek zer ekarri handirik ez izatea euren diziplinarako, Gizon Jakintsuak dioen bezala (beste batzuek, Fergusonengandik hasirik, pentsatzen dugu Gizon Jakintsuak soziolinguistikari ekarri diona erretolikatik duela gehiago, zinezko ekarpen teoriko-enpirikotik baino). Baina euskararentzat bai dela ezinbestekoa mota orotako zientziako hizkeran ere aritzea, besteak beste, erabateko estandarizazioak eskatzen duelako jakintzaren arlo guzietan bere terminologia eta esamoldeak sortzeko (sortzeko, bai, ideologo inperial batzuek uste duten arren euren hizkuntza munduarekin batera agertu zela, eta haren erregistro zientifikoak zientzia bera baino zaharragoak direla). Bestalde, aspaldi esan zituzten antzekoak Niceto Alcalá-Zamora politikari espainolak edota Orixek: «Ba-du euskerak bere edertasuna non agertu: ele-eder edo literaturan, izate-gaietan edo metapisikan, eder-legeetan edo estetikan, izkeran edo gramatikan. Utzi detzagun kimika ta holakoak, oriek ez baitira giza-izkuntza yatorra. Oriek ez dute batere edertu iñongo izkuntzarik. Itsusitu bai, gogotik». («Orixe jaunaren eskutitza. “Mea culpa” eta “Quos ego!” Anizetxe iaunari», Yakin, 9. zk., 1959, pazkoaldikoa, 92. or).
Ulergarria da hizkuntza komunitate handi-handiek elkarren artean banatu nahi izatea zientziaren ekoizpenaren oligopolioa, «ttipion» eremua berezitasun folklorikora murriztuz. Teorialari soziolinguistikoarengandik, ordea, zer edo zer gehixeago espero zitekeelakoan geunden. Horren ulergaitzak ote dira poetaren lerro hauek?

Baña nik, izkuntza larrekoa,
nai aunat ere noranaikoa:

yakite egoek igoa,
soina zâr, berri gogoa,
azal orizta, muin betirakoa.

Menpekotasuna
Jakina da hizkuntza menpekotasunak kultur menpekotasuna ere badakarrela. Kultur arloko menderatzearen adierazle nagusietako bat, hizkuntza-eremuan, tarteketa da. Lluís V. Aracilek azaldu bezala, «Egoera minoritarioaren oso alor tipikoa da tarteketa edo bitartekotza deritzodana, hots, X hizkuntzako komunitatearen eta gainerako Gizateriaren arteko harreman (ia) guztiak Y hizkuntzatik pasatzea». (Xabier Falcón, arg., Lluís Aracilen idazlan hautatuak, UEU, Bilbo, 1998, 77. or.).
Alegia, tankera honetako aleak: «Halaber, beti izango da mundu mailako literatura ugari euskaldunek espainieraren bidez soilik eskuratu ahal izango dutena, biak, literatura espainiarra nahiz mundu mailakoa. Hori guztia zuentzat, zuen seme-alabentzat, zuen gizartearentzat erdararen bidez soilik izango da eskuragarri».
(Isilunea).
Noren esana da hori? Galde diezaiela irakurleak Gizon Jakintsuaren lausengariei. Alferrik nabarmenduko du euskal literaturzaleak lehendabiziko euskal literatura modernoak ez duela zerikusirik literatura espainolarekin, debalde aipatuko du Literatura Unibertsala bilduma (badakizue, «Munduko literatura garaikidea euskaratzeko dirutza inbertitzeko eskatuz inori ez diozu deus frogatzen»), soberan erakutsiko du euskaratzaile ahaleginduak hainbat obraren itzulpen espainolen kalitate eskasa, eta antzuak izanen dira eleaniztasuna sustatzearen aldeko aldarriak, atzerriko literatura jatorrizko hizkuntzetan irakurri ahal izateko. Gizon Jakintsua ez da huskeria enpirikoez kezkatzen, eta berdin-berdin esanen zuen gauza bera Galiziaz, Bretainiaz, Korsikaz edo Kurdistanez, haren ideologia inperialista neoliberaletik ondorioztatzen baitira halako leloak.

Gure lekua
Eta zein da Gizon Jakintsuak euskarari baimendu nahi dion lekua? «Euskarak funtzio anitz bereganatzeak botere funtzioak eskatzen ditu (herri/eskualde gobernua, prestakuntza humanistiko sakonagoa eta euskal kultura), baita erdi mailako funtzio gehiago ere (auzoa, komunitatea, eskualde bizitza) eta, euskaldunentzat, ahalik eta funtzio intimo eta tradizional gehien. Hori bereganatzeak euskara euskalduntasunarekin, euskal kulturarekin loturik babesten du, eta euskalduntasuna euskaldunek euren hizkuntzari eutsi behar izatearen funtsezko arrazoi bihurtzen du.»
Zertzat ditu arnasguneak Teorialari Handiak? Minnesotako siouxen erreserbatzat? Zein da euskaldunen (ez euskaltzale porrokatuen, ez hizkuntza-ikerlarien) motibazio-aparatua? Gainerako gizakienaz bestelakoa? Euskalduntasunak berez ba al dakar hizkuntzarekiko leialtasuna, gizartean goiti egiteko nahia automatikoki deuseztatzen duena? Euskarak berak euskaltzale militante bihurtzen ditu bere hiztunak oro? Hizkuntzaren transmisio edo aldatze prozesuek hutsadi instituzionalean flotatzen ote dute? Pernandoren egia ematen du, eta ez du izanen arditu kosmopaletoak hainbeste liluratzen dituen xarma angloa, baina aspaldiko esana da ondoko tesia, eta, nik dakidala, orain arte ez du inork deuseztatzea lortu: «Lo que activa el aprendizaje individual del adulto y el uso social del idioma por parte de los grupos sociolingüísticos es exactamente la ley de la necesidad» (José María Sánchez Carrión Txepetx, Un futuro para nuestro pasado. Claves de la recuperación del Euskara y Teoría social de las lenguas. Egilea editore, Donostia, 1987, 300. or.).
Eta zerk eratzen du behar-lege hori? Teorialari Handiari eta haren hauspotzaileei larridura eramanezina sortzen dien horrexek: merkatuak berak eratzen dituzten administrazioen esku-hartzeek, gizarteko hizkuntza-aukeren egiturak, hizkuntzen ekonomia politikoak. Zergatik halako tema hizkuntzen gatazka (itxuraz) saihesteko? Lumaz saihestu ere, gatazka apaindura sasipoetikoko leloen bidez baketuko bailitzan… Eta, bertsolariaren bat-batekotasunez, kategoria soziolinguistiko berriak aterako dizkigu: «Lehen hizkuntza espainiera duen jendea topatuko duzu, eta beraiekin harreman egokiak izatea garrantzitsua delakoan nago, interakzioan bizitzea haiekin, eta hori haien hizkuntzan egin ahal izatea zenbait gai eta zenbait egoeratan. Ez dut uste desiragarria denik haientzat Euskal Herrian bigarren mailako hiritarrak izatea. Ez dut uste hori denik euskaldunek egin behar duten borroka. Eta nik uste dut zuek hori egiten baduzue, haiekin egokitze ohoretsu batera iristen bazarete, haiek euskara bigarren hizkuntzatzat hartuta urrunago joango direla».
«Interakzioan bizitzea haiekin»…
«Egokitze ohoretsua»…
«Urrunago joango direla»…
Pozarren hartu du euskalgintza ardituak erretolika hori guzia, horixe baita zientzia ideologia hutsez ordezkatzea. Zer da «egokitze ohoretsua»? Kontzeptu soziolinguistiko berria? Zein kasutan oinarritu da Gizon Jakintsua «egokitze ohoretsua» lortuta gutxiagoturiko hizkuntza biziberritzen ahal dela ondorioztatzeko? Edo adierazle hutsa al da, herritarren zein komunitateen hizkuntza-eskubideen berdintasuna saihesteko? Gure kargulantek bizikidetza esaten duten lekuan, «egokitze ohoretsua» dio Gizon Jakintsuak, horretan al datza batzuen eta bestearen arteko aldea?
«Lehen hizkuntza espainiera duen jendea topatuko duzu, eta beraiekin harreman egokiak izatea garrantzitsua delakoan nago, interakzioan bizitzea haiekin, eta hori haien hizkuntzan egin ahal izatea zenbait gai eta zenbait egoeratan».
(Isilune luzea).
Gizon Jakintsuaren aburuz, ez bide da arazo erdaldunek euskaldunen hizkuntzan gai eta egoera bakar batean ere gai ez izatea. Gero, ordea, establishment-eko double thinker-rek egin ohi duten antzera, berak zuritzen duen hizkuntza-inperialismoak egiten duen horixe inarrosiko du, mamu gisa, guri leporatzeko. Eta aukera-berdintasunaz ari garelarik, «bigarren mailako herritar» bihurtzen duena da herrialdeko bi hizkuntza ofizialak eskuratzea sistematikoki ekiditen duen ikastereduari eustea, eta, oro har, erdaldun helduek euskara ikasteko doako sistema ez ezartzea. Baina, arestian esan bezala, hutsalak dira egitate arruntak Teoria Handiko hodeietan hegan egiten dutenentzat. Eta, zer esanik ez, hegan nabarmen beheitiago eginik ere, mundu osoko Gizon Jakintsuen inozokeriaren azken alea ere irensteko prest dauden kargulantentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: