1)
Nora ote daramatzan
oinak lurrarekin dantzan?
Nola haurrek putzuetan,
hik sartu ditun basatzan.
Hik sartu ditun basatzan,
oinak lurrarekin dantzan.
2)
Belaunetan hots luzedun
dardara egunez egun,
bihotz taupadak bailiran
bizi haizen seinale dun.
Bizi haizen seinale dun,
dardara egunez egun.
3)
Sexuaren azalera
ere plazara atera,
hor dun hartu-emanetan
trukatzen dunan plazera.
Trukatzen dunan plazera,
ere plazara atera.
4)
Sabel bigun, sabel ahaldun,
zilbor txiki hori, lagun,
haizen gorputzaren mapan
transmisio puntua dun.
Transmisio puntua dun,
zilbor txiki hori, lagun.
5)
Bularrak zion urruman,
zenbat estura ditunan,
baina urpean arnasten
aspaldi ikasi hunan.
Aspaldi ikasi hunan,
zenbat estura ditunan.
6)
Eskuak leku eskean,
sormenaren babespean,
batean daukan aitzurra,
boligrafoa bestean.
Boligrafoa bestean,
sormenaren babespean.
7)
Jaitsi dun beheko ezpaina,
hain malgua, hain labaina,
nori nahi dion sartu eta
nori atera mingaina?
Nori atera mingaina?
Hain malgua, hain labaina.
8)
Erne belarri-hobiak,
entzuteko txoko biak,
beste hizkuntza batzuetan
mintzatzen diren txoriak.
Mintzatzen diren txoriak
entzuteko txoko biak.
9)
Argia dun begietan,
izpi bat mendi gainetan,
sorginak etorkizuna
ikusi din ninietan.
Ikusi din ninietan
izpi bat mendi gainetan.
10)
Nahiz hiztunek ez bereizi,
hezur-mamizkoa haiz hi,
Euskara, hizkuntza sarkor,
euskara, hizkuntza bizi.
Euskara, hizkuntza bizi,
hezur-mamizkoa haiz hi.