Hau dena aldatu nahi nuke?

I

Irailaren 20an Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkeztuko dute Iruñean, engaiatu-ospe duen liburu-denda eta kulturgune batean. Haren bultzatzaile ezagunenetako baten esanetan, “kultura kritikoa sustatzea” du helburu guneak, eta liburu-dendaz, tabernaz etajatetxeaz gain, argitaletxea ere badauka kultur proiektuak. Nazioartean puri-purian dauden pentsalarien eta ekintzaileen obrak ekarri ditu plazara, euskaraz, argitaletxe horrek (itzultzaileei ordainsari duina emanik, pentsatu nahi dut). Liburugintza makal dabilen garaiotan, txalotzeko moduko proiektua, eta non eta euskarak egoera soziolinguistiko eta politiko bereziki makurra duen lekuan sortua, gainera. Beraz, hara abiatu da, ia ekintza militante moduan, hiriburu historikora heldu berria den ezkertiar euskaltzalea. Hala ere, liburu-dendako hiru solairuetan goitik behera eta ezker-eskuin ibili ostean, ez du euskal literaturarako atalik ikusi, mahai baten gainean zeuden azken-azken nobedadeak izan ezik (liburu-denda argitaletxeak euskaraz argitaratutakoentzat bai, horiek liburu-dendan sartu bezain pronto ikusten den erakustoki berezian daude). “Tira, denok dakigu irakurlego txikia duela euskal literaturak eta liburu-dendak alokairua, argindarra eta soldatak ordaindu behar dituela; beraz, produktu salduenekin bete behar azken metroa ere.” Gure irakurleak bilatzen dituen liburuak, azkenekoz 2007an berrargitaratutako eleberria eta 2015eko poemategia, biak euskal idazleek sortuak, ez daude. Eskatu egin behar. Eskatuz gero, hurrengo astean helduko liratekeela esan dio liburu-saltzaileak, eta iritsitakoan mezu bat igorriko lioketela.

II

Handik astebetera, SMS bat. “Hola. Ya tenemos tu pedido. Pasa a recogerlo cuando quieras. Un saludo”, eta bi liburuen izenburuak. “Arraioa! Ez al zen Iruñeko liburu-denda kulturgune taberna jatetxe alternatibo engaiatu iraultzaile gorri euskaldun moderno ospetsua? Tira, hiri erdaldun batean gaude; liburu-denda, azken batean, negozio bat da, eta mezu hori aurretik prestatutako testu automatikoa izanen da, irakurlea euskalduna edo erdalduna den bereizi ezin duena.” Biharamunean, pozik abiatu da berriz gure irakurle ezkertiar euskaltzalea liburu-denda kulturgunera, betebehar militanteari jarraikiz (“gutarrak zaindu behar”). “Kaixo, joanden astean bi liburu eskatu nituen, eta…”. Liburu-saltzaileak begirada larritu eta… “Barkatu, erdaraz”. Ez da aurreko eguneko saltzailea; ez da ulertzen saiatu ere egin zer esan nahiko duten liburu edo eskatu hitzek, eta ez du euskaraz dakien lankideren batengana jo, laguntza eske. Ez, irakurlea moztu egin du eta: “Barkatu, erdaraz”. Bezeroa izanik ere, euskaldunen hizkuntza-morrontza jakintzat ematen bide du. Honetan etzanen da hau-dena-aldatu-nahi-lukeen kooperatiba antikapitalista iraultzaile gorriaren helburu soziopolitiko estrategikoa: bezeroa dendariaren esanetara jartzean. Hauxe izanen da UPN-PSNk hainbeste urtez jarritako funtzionario elebakarren armadaren eta hau-dena-aldatu-nahi-luketen kooperatibista antikapitalista iraultzaileen arteko aldea: administrazioko burokratek “en castellano” esaten dizute, zakar, eta liburu-saltzaile txit progresistak, “Barkatu, erdaraz”, begirada larrituta. Aurreko legegintzaldian izandako “aldaketa gauzatzeko” “ekarpena” egin zuen liburu-denda kulturgune taberna jatetxe alternatibo modernoak, haren predikari gorenaren iritziz. Horretan al datza aldaketa hori? Hainbeste aldiz “en castellano” aditu ostean, ezkertiar euskaltzale beldurtua ez da ausartzen euskaraz hasten solaskidea euskalduna den arrazoizko zantzurik izan ezean, eta beretzat sentitzen zuen txokoan ere, danba! Ohiko indarkeria sinbolikoaz eta betiko umiliazioaz gain, mina areagotu egin duen osagaia du hitzezko zaplazteko horrek: zantzua zauri bihurtu da, hizkuntza-askatasun eremutzat jotzen zuena, ilusio huts. Frustrazioa. Eta larriena dena: konfiantzaren haustura. Halako kalte sinbolikoa egindakoan, ez baitago lehengoratzerik. Liburu-saltzaile zakarra jendaurreko arretatik kenduta ere, deus ez litzateke lehen moduan izanen, hor jarri dutenek dagoeneko argi utzi baitute nolako garrantzia ematen dieten euskararen biziberritzeari eta euskaldunen hizkuntza-eskubideen defentsari. Publizitaterako apeuarena.

Asaldatua atera da gure ezkertiar euskaltzalea liburu-denda alternatibo engaiatu gorri sasieuskaldun modernotik, saltzailearekin ahalik eta solasaldirik laburren izaten ahalegindurik. Zer esanen die saltzaile horrek euskarazko liburuei buruz galdetzen dioten irakurleei? Zer azaltzen ahalko du haren enpresak berak argitaratzen dituenei buruz? Batek daki indarrean dagoen Vascuenceren Legea sartzen den kooperatibista engaiatu gorri sasieuskaldun modernoek aldatu nahi omen duten “dena” horretan, baina errealitatea da alde dutela legea, sektore pribatuan ez baitu hizkuntza-eskubiderik aitortzen, ez eremu mistoan, ezta eremu euskaldunean bertan ere.

III

Gertatutakoa nolabait ulertu nahian, liburu-denda kulturgune taberna jatetxe alternatibo engaiatu iraultzaile gorri sasieuskaldunaren webgunean sartu da gure ezkertiar euskaltzale aztoratua, eta ondoko alea aurkitu du: “Eremu elebidun batean bizi gara eta ez dugu uste hizkuntzak bereizteak onurak dauzkanik, nahiz eta foru eta udal erakundeek hala egin”. Argituzdoa kontua, beraz, ez baita beharrezkoa katalogoan omen dauzkaten 71.495 liburuak irakurri izana “elebitasunaren” erretolika zera dela entelegatzeko: statu quo soziolinguistikoa zuritzeko eta sostengatzeko bakarrik balio duen trikimailu ergela. Iruñean eta nonahi. Eta erabat koherentea da horrekin gure kooperatibista engaiatu gorri moderno kalakariek aplikatzen duten elebitasuna: liburu-saltzaile erdaldun elebakarrak jartzen ahal dituzte irakurle euskaldunak elebidunak direlako (eta, oraingoz, ez dietelako planto egin hizkuntza-morrontza ezarri nahi dieten kooperatibista engaiatu gorri moderno kalakariei). Lluís V. Aracilek alde bakarreko elebitasun zeritzon horri (egonen dira haien 71.495 liburuko katalogoan Aracilen idazlan hautatuak, Xabier Falconek apailatuak, Bego Montoriok eta Koldo Izagirrek euskaratuak, eta UEUk 1998an argitaratuak?). Azken batean, euskaldungoa zakur jipoitu bateko tratua jasotzen ohituta ez balego, bere irudi korporatiboan euskal labela luzitzen duen enpresa ez zen ausartuko euskaraz ez dakien enplegaturik jartzen jendaurreko arretan. Baina jarrai dezagun geure teorialari kooperatibista engaiatu gorri modernoen aurkezpenarekin: “Uste dugu hizkuntza normalizatzeko euskarazko testuak sail guztietan egonda daudela ikusgarri (berdin Zientzian, Filosofian, Zineman, Poesian, Europako literaturan, Ekonomian edota Haur literaturan)”. Beraiek argitaratutakoak salbu, horiek oso ikusgarri baitaude, eta ez, preseski, hizkuntzaka edo jakintza-arloka sailkatuta, argitaletxeka baizik. Euskarazko sorkuntza-lanak “Poesian”, “Europako literaturan” edo “Haur literatura” sailetan urtu behar omen dira, baina, hurrengo lerroan, kondagintza-saila nola antolatu duten azaltzean, beste hau diote gure kooperatibista engaiatu moderno progresista burutsuek: “Jatorrizko hizkuntza kontuan hartzen duena da gehien gustatzen zaiguna, helburu hizkuntza zein den kontuan hartu gabe. Kontua da, literaturak helmuga unibertsala duela baina beti abiatzen dela unibertso kultural eta linguistiko jakin batetik”. Genero-zapalkuntzari eta feminismoari dagokienez, euskarazko liburuekin egin nahi izan ez duten bereizketa egin dute gure teorialari kooperatibistek: “Generoaren aferek jendarte guztia zeharkatzen dute. Horregatik zeharkatzen dute berdin liburu denda guztia. Sail bakarrean jasotzeak ikusezin egingo lituzke (sail jakin bat ez balute gauza bera gertatuko litzateke). Horregatik, saiakera gehienak Feminismoa(k) sailean daude baina beste batzuk ez.”

IV

“Merkatu libreko” lehia hutsean urtuta euskal literaturari izena eta izana ukatzen dizkion eta erdaldun elebakarrak liburu-saltzaile jartzen dituen kooperatiba engaiatu modernoko buruzagiren bat agertuko zaigu, irailaren 20an, hurrengo Euskaraldia aurkezteko. Eta, seguru asko, honako hau azalduko digu: nolako garrantzia duten “belarriprestek” euskara biziberritzeko eta euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Irakurle euskaltzale aztoratuak, ordea, beste hau galdetu dio bere buruari: enperadoreak bere jantzi berria jarrita desfilatzen duen bitartean, alboko gelan eskubide horiek egikaritzen saiatzen den irakurle inozoari “Barkatu, erdaraz” esanen diote, edo, enpresaren ospeari euste aldera, libre emanen diote egun hori liburu-saltzaile elebakarrari?

One thought on “Hau dena aldatu nahi nuke?

  1. Esker mila testu eder horrengatik. Gauzak neketan adierazten ahal dira garbiago, edota zenbaiten zurikeria argiago uzten agerian. Esker mila.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: