Hizkuntza maingua

Inkesta soziolinguistikoek neurtzen dute zenbat diren elebidunak. Hots, zenbatek dakiten euskara. Besterik da, ordea, euskara dakiten horietatik zenbatek daukaten zinezko erraztasuna euskaraz mintzatzeko. Joxe Manuel Odriozolak dioen gisan, azken urteetako hezkuntza sistemak sortu dituenak dira erdaldun elebidunak, baina ez euskaldunak. Erran nahi baita, derrigorrezko hezkuntza bukatzen duten ikasle anitz, funtsean, ez direla euskaldunak ateratzen. Ikastolatik kanpo, ez dira euskaraz bizi, eta behin ikastetxera joan beharrik ez dutenean, euskara bazterrean uzten dute.

Euskaraz aritzeko ez badira behar bezain trebe, hizkuntza horrek ez die balio eroso komunikatzeko. Eta horrek traba handia egiten dio euskararen normalizazioari. Adibidez, garbi ageri da euskarazko irratietako albistegietan mintzo diren lapurtar anitzen kasuan. Euskalgintzatik eta mugimendu abertzaletik kanpoko gai anitzetan (mugimendu sozialetan, adibidez), irratilariek aurkitzen dituzten hizlariei, maiz, nabari zaie (hitz jarioan, azentuan, lexikoan…) ez dutela ohiturarik euskaraz mintzatzeko. Ez da euskalki kontu bat; euskara eguneroko mintzaira dutenak aise mintzo dira, lapurteraz ari direnean ere.

Euskara noizbehinkako hizkuntza baldin badute euskaldunek, hizkuntza herdoiltzen da, lexikoa galtzen da, hitz jarioa moteltzen… Eta horrek euskara bera ahultzen du. Euskaraz bizitzeko, herritarrek gutxieneko euskara maila bat behar dute; eta gutxieneko maila hori lortzeko, euskaraz bizi behar du herri honek. Ezin gara konformatu estatistikak hobetzearekin. Datu kuantitatiboek gutxi balio dute, maila kualitatiborik ez badago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: