Gozo-eltzeen mikaztasuna

Ez dakit inoiz tokatu zaizuen umeen ospakizunen batean gozo-eltzeren baten lekuko izatea. Gozo-eltzea da buztinezko edo kartoizko eltzea edo alanbrezko egitura bat paperez estalia; barruan, frutak, gozoak edo bestelakoak izaten ditu, eta soka batetik eskegita egoten da pertsona batek makila batekin apurtu eta  apurtzean barrukoa jolaskideen artera erortzeko.

Horixe dugu moda, orain, umeen ospakizunetan. Halakoren batean egon bazarete, argi ikusiko zenuten umeek nola egiten duten borroka elkarrekin, goxoki batzuk harrapatzearren. Batak eskua zapaltzen dio besteari, hirugarrenak ukondoa sartzen laugarrenari… eta helduok pozik, umeak guk prestatutako jolasean ari direla eta. Guk esaten dugun horretan “jolas” daitezela, eta guk esaten dugunean.

Eta euskalgintzan ere antzekoa ari zaigu gertatzen azken aldi luzean. Eusko Jaurlaritzak jartzen digu gozo-eltzea zintzilik. Barruan, diru-kopuru barregarriak euskalgintzarentzat, herri hau euskalduntzeko daukan interesaren lekuko.

Euskalgintzako erakundeak azpian, eltzea noiz apurtuko zain, elkarrekin borrokan hasi eta zeinek goxoki gehiago harrapatu. Horretarako, jakina, gozo-eltzea apurtzen duen kidetik ahalik eta gertuen kokatzen saiatzen gara. Esango digu zer komeni den ikertzea, esango digu zein ekimen dituen gustuko, esango digu erakargarri izan behar gatzaizkiola berarengandik gertu kokatu nahi badugu. Gertutasun horrek emango baitigu goxoki gehien jasotzeko aukera, zalantzarik gabe.

Kolonizatzaileak ez dabiltza urruti.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude