Merkealdia euskalgintzan?

Jada ez naute harritzen Eusko Jaurlaritzatik datozen proposamenek, azken urteotan idatzi bakoitzak aurrekoa gainditzen badu ere, fikzioaren eta baikortasun muturrekoaren lanketari dagokionez”, adierazi du JJ Agirre euskara-teknikariak. Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Zer egin dezaket nik euskararen alde? izenburu pean Hakobak prestatu, eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten indar politiko guziek sinaturiko agiriari herri-mugimendu euskaltzalearen erakunde nagusiek atxikimendua eman izanak, baina, “ahoa bete hagin” utzi du Agirre. Gehiengo sindikaletik nabarmendu dute bi sindikatuok HAKOBA-ren (Hizkuntza Politika gaietarako, Herri Aginteen arteko Koordinazio Batzordearen) gonbidapena jaso genuen, ‘edonork sinatzeko moduko Adierazpen bati atxikimendua eman’ eta argazki batean ateratzeko proposatuz”. Hakoba osatzen duten erakundeetatik batek ere ez du bertsio hori gezurtatu. Azken batean, ez da berria EAEko administrazioek ekimena abiatzea, eta, ondoren, gizarte zibilarengana jo, babes eske.

Ustekabe handia da, ordea, herri-euskalgintzaren eragile nagusiek men egitea. Izan ere, herri-euskalgintzaren analisien eta jarreren antitesia da-eta Hakobaren adierazpena. Euskalgintza ardituko testuek dakartzaten osagai nagusiak ditu adierazpen berriak: (a) ahalbidetze-baldintzetatik kanpo dagoen balizko helburua eremu soziolinguistikoan; (b) lege-markoari buruzko egia erdiko irakurketa, eta (c) hispanozentrismo baskongadoa, lurralde-ikuspegitik. Hiru ezaugarriak ederki adierazten ditu ondoko aipuak: “Bi hizkuntza [euskara eta espainola] ditugu ofizialak Euskal Autonomia Erkidegoan. Baina helburu izaten jarraitzen du, gizartean oro har, hizkuntzen arteko berdintasun sozialera iristeak.”

Alegiazko helburuak

Nekagarria da beti gauza bera esatea, baina aski ezaguna da soziolinguistikan elebidunak norbanakoak direla, eta ez gizartea, elebitasun sozialez jardungune guzietan bi hizkuntzaz aritzea esan nahi bada, behintzat. Egon badaude herritar elebidun edo eleaniztunez osaturiko gizarteak, baina bigarren hizkuntzaz jardungune berezietan besterik ez dira aritzen, atzerritarrekin komunikatzeko, gehienbat. Gaur egun Hego Euskal Herrian dagoen egoera hizkuntza-gatazka da: espainolaren erabateko nagusitasuna pitzatzen hasi da, euskara jardungune batzuetan sartuta, zenbait funtzio bideratzeko bi hizkuntzen arteko lehia berpiztuz, eta horrek bidegurutzean jarri du euskal gizartea, euskarak jardungune gehiago erdietsiko baditu, espainolari eta frantsesari kenduko baitizkie. Euskal Herrian hizkuntza-gatazkarik ez balitz, ez lirateke hainbat eta hainbat hizkuntza-eskubide urraketa salatuko urtero (1057 2015ean). Azken batean, euskal herritarrek erabaki beharko lukete, epe luzean eta behar besteko progresibotasunez, zein izatea nahi duten hizkuntza nagusia Euskal Herrian. Zenbait oztopo daude horretarako, tartean interes politikoengatik muineko auzia ezkutatzen duten leloak, eta Espainiako Erresumako zein Frantziako Errepublikak ezarritako lege-markoak.

Berdinak, Orwellen erara

Frantziako legediak frantsesaz besteko hizkuntzei jarritako langak aski ezagunak dira. EAEri dagokionez, ordea, Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Espainiako Lege Organikoko 6. artikuluak euskararen zein espainolaren ofizialtasuna aurreikusten badu ere, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak egitatezko aitorpen handiagoa eman dio espainolari. Izan ere, ekainaren 26ko 32/1986 epaiak bertan beheiti utzi zuen euskara normalizatzeko Legebiltzarreko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legeko 8. artikuluko 3. azpiatala, udalerri euskaldunei euskara hutsez aritzea baimentzen ziena. Eta, hainbat urtetako borroka judizialen zein politikoen ondoren, azkenean Legebiltzarrak aipatu udalak babeste aldera tokiko administrazioan euskararen ofizialtasunetik eratortzen diren ondorioak zeintzuk diren xehekiro lege bidez zehaztu badu ere (2/2016 Legea, apirilaren 7koa, EAEko udal-erakundeei buruzkoa, 6. artikulua), berehala heldu da Espainiako Gobernuak konstituzio-kontrakotasun helegitea. Eta Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak Espainiako Gorteek zein Gobernuak izendatzen dituztela kontuan harturik, epaia nolakoa izanen den ez da irudigaitza.

Beraz, espainolak eta euskarak “legezko aitortza berdina” izanen dute, baina, Orwellen baserrian bezala, bata bestea baino berdinagoa da.

Baskongadismoa

Alde batez aritu da Hakoba bere agiria prestatzean, eta begirada murritzez, lurralde-ikuspegitik. Euskara Pirineoen bestaldean ere existitzen dela, eta han hizkuntza ofiziala frantsesa dela ahantzi bide zaie Hakobako kargulantei. Baita Nafarroa izeneko herrialdea ere. Hango Parlamentuak berak ohartarazi behar izan baitu Nafarroanegoera sozial eta legal ezberdinakbadaudela, eta ezin izan du agiria bere horretan onartu. Dena den, ez dago soberan oroitaraztea EAEn dagoen “legezko aitortza berdin” orwelliarra bere herrialdean ere ezartzeko eskumena baduela, hein handi batean, Nafarroako Parlamentuak.

Zuri-beltzeko argazki soziolinguistikoa

Arlo soziolinguistikoan, ilungune eta ñabardura gutxiko interpretazioa dakar Hakobaren agiriak. Hartara, ondoko egitateetatik bat ere ez da aipatu ere egiten: ezagutza-maila orokor eskasa, eta horrek euskaldunei ezartzen dien morrontza linguistikoa erdal elebakarrekin dituzten harremanetan (“jendetasunak bideratutako agonia”, Philippe Van Parijs filosofoaren esanetan), arnasguneetako bilakaera kezkargarria, euskararen presentzia urria arlo sozioekonomikoan, hedabideetan eta kultur industrian, edota gaur egun erabiltzen den euskararen kalitate kaskarra. Horren ordez, Pernandoren egia dute argudio nagusi gure ardituek: “Duela berrogei urte arte gizartean gainbehera zihoan euskara hazkunde nabarian jarri dugu”, “Europako hizkuntza zaharrena izatetik, hizkuntza modernoa eta gaur egungo gizartera egokitua izatera” pasa da euskara, etab.

Morrontza lege

Agiriaren muin ideologikoa txostengileek beraiek uste baino ageriago geratzen da ondorengo esaldian: Hizkuntza-elkarbizitza gizarte-elkarbizitzaren osagai egin dugu, gizarte-kohesioaren funtsezko elementu. Hizkuntzen berdintasuna eta norbanakoaren hizkuntza-hautua herritar guztion aukera- berdintasunaren oinarrian jarri ditugu.”

Lehenik eta behin, “bizikidetza”-ren aldeko diskurtsoa tautologikoa da zeharo, gizarte oro, definizioz, herritar-taldeen arteko berariazko harreman-moten arabera dagoelako antolaturik. Kontua da nolako premisetan oinarritzen den gizarte bakoitzeko elkarbizitza. Eta funtsezko harreman horiek estaltzea du xede, hain zuzen, “elkarbizitza”-ren aldeko erretolikak, batik bat menpekotasunezkoak direnean. Berriki oroitarazi du Rosa Urtasunek, Kataluniako kasuari dagokionez.

Adierazpeneko aipatu esaldia baten batek zinikotzat har balezake ere, inpentsan zera eman digute aditzera Hakobako kargulantek: nola ulertzen duten hizkuntza-“elkarbizitza” zein aukera-berdintasuna bera ere, gure gizarte kapitalista neoliberal hipermoderno honetan. Erdal elebakarrekiko harremanetan euskaldunek euren hizkuntzaz aritzeari uko sistematikoa ardatz du hizkuntza-eremuan Euskal Herriko elkarbizitzaren arauak, eta herri-langilearen soldata erlatiboaren jaitsiera eta pobretze hazkorra ditu ifrentzu klase-harremanetan; errentaren banaketa funtzionalari eta gizarte-bazterketari buruzko datuei erreparatzea besterik ez dago. Alegia, morrontza sinbolikoa eta desjabetze materiala. Horrela ulertzen da zergatik sinatu duten zorioneko adierazpena ugazaben konfiantza-agenteek zein espainolismoaren eskualdeko ordezkari politikoek. Eta horrexegatik entelegatzen da zergatik egin dion uko atxikimendua emateari sindikalgintza borrokalari eta euskaltzaleak.

Iseka hutsa da euskararen aldeko neurri oro auzitegietara eramaten dutenak, administrazio publikoekiko harremanetan herritarren hizkuntza-eskubideak are gehiago murriztu nahi dituztenak, edota erdal elebarkatasuna zer eta eskubide bihurtu nahi dutenak orain agertzea maitasun-aitorpenak eginez euskarari. Zer egiten ahal duten “euskararen alde”? Euskararen biziberritze-prozesua saboteatzeari utzirik, eta, besterik gabe, deus ez eginik ekarpen handia eginen lukete. Beste eragile politikoen eginkizuna, sindikatuek argiro adierazi dute: “Euskara egoera minorizatuan dago, euskaldunon hizkuntza eskubideak etengabe urratzen dira. Egoerari honi buelta emateko guztion hizkuntza eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politika berri bat behar dugu, ahalik eta adostasun maila zabalenean oinarrituko dena baina inori beto eskubiderik onartuko ez diona.”

Garai batean, zinezko hizkuntza-politika egiteko behar diren irizpide nagusiak egokiro taxutu zituen Kontseiluak. Hala ere, oraingo zuzendaritzari galdetu beharko litzaioke ea dokumentu hori oraindik balekotzat duen, Hakobaren adierazpena ere izenpetu baitu Kontseiluak.

Herrigintzaren aldetik, azken urteak joriak izan dira ekimenei dagokienez. Lutxo Egiaren performance-a, eta horren ondoren zenbait auzo eta herritan egindako saioak, edota inposaturiko “bizikidetza”-ren araua hausteko jarrerak. Eta, oro har, espainola, frantsesa edo ingelesa sustatzen duten hizkuntza-aukeren egiturei muzin eginik, euskaraz egiten tematzen direnak. Bidegile horien ekarpena dugu jarraipen-eredu euskalgintzarako, ez merkealdian erositako hutsalkeria nahaslez gainezka dagoen adierazpenik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude