HizkuntzAma

Ama euskalduna nuen eta euskaraz egin zidan beti, aitak baino areago. Baina jadanik ez daukat amahizkuntzarik.

Hizkuntzama bat daukat orain.

Zama ez, Ama baizik, amak eman zidan hartarik deus guti daukana eta ene garunean ostatuz hartuak dauzkadan beste hizkuntzek inoiz emanen ez didaten lana, amorrua eta gozamena ematen didana.

Amaren zilbor-hestea eten ez baina luzatu egin nuen, urrundu egin nintzen hizkuntzetan barrena, haien ume bihurtzeraino. Hainbat zilbor-hestez naiz librea orain, bi, hiru, lau, bost, sei hizkuntzatan bizi naiz entzutez, mintzatzez, kantatzez, irakurtzez. Mintzonauta, mintzopirata, mintzolapur, sei hizkuntzez elikatzen naiz, seiak ditut etxeko eta seiek osatzen dute nire pentsamenduren eta nire idatziaren orea: aitak eta amak eman zidaten ondare xume hura hobetu egin dut elez, palabraz, berbaz, palavraz, paraulaz, motez, wordez egina den magma bateko ibiltari.

Euskararen barruko arau probintziano guztien aurka Mirandenetik Txirritarenera, portuko zamaketarietarik Lizardirenera, Etxahunenetik Bermeoko berbetara bidaiatzen dudan bezala pasatzen naiz hizkuntza batetik bestera, pentsatzen dut hizkuntzarik hizkuntza: Osakidetzako erdaratik Mexikon sortu azken nobeletara, Trintxerpeko lagunetarik Oqo argitaletxearen liburuetara, Saramago zenaren artikuluetarik Mia Coutoren fantasietara, Ovidi Montllorren ahotsetik independentziaren gatazketara, Toulouseko merkatarietarik Maupassanten ipuinetara, Yeatsen poemetarik Interneteko pozoira.

Ez bainaiz monohiztun, euskara ez baitut aski, gaztelania ez baitut aski, galegoa ez baitut aski, katalana ez baitut aski, portugesa ez baitut aski, frantsesa ez baitut aski, ingelesa ez baitut aski, guztietan infiltratzen naiz, guztietara dut hedatzen nire dependentzia linguistiko partikularra HizkuntzAma den hau eraikitzeko: Amahizkuntza ikasiz hondatuz ehotuz jasoz birrinduz, ama berriak adoptatu ditut, beste gisakoak, ez ama ordezkatzeko, huraxe osatzeko baizik, librea izanik leialagoa izateko eta, azken finean, euskaraz ezin esan dudana euskaraz esan ahal izateko.

Euskara ez dut aspaldi amahizkuntza, hizkuntzama baizik: euskaran gauzatzen da nire monohiztun ez izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude