Agur, euskaldunok.
Alferrik ibiliko zarete Ereduzko Prosa Gaurren kontestu bila, Klasikoen Gordailuan hartuko diozue arrastoa, zaharra baita. Sei aldiz besterik ez da erabili izan –bizkaitarren luman beti–, eta hemeretzigarren mendeaz geroztik behin ere ez. Mogelek ipuin batean dioskunez, “kaiola burdinazkoan katamotz bat egoan sarturik, ikusten txakurra ondo askaturik katea baga, jolas eta parlantzuan”. Horra beraz arrazoi sendo bat Parlantzua pizteko: aske, kategabe… pozarren! Nekez aurkituko genuke izen egokiagorik Euskararen Legeganbera bilduko den aterpea izendatzeko: euskaldun kontzienteen legea diogu gure hizkuntzari.
Zerk bildu gaituen
- Euskara oztopoa da erdaldunak biltzeko.
- Erdara ez da oztopo euskaldunak biltzeko.
- Horretara eraman gaitu elebitasun politikak: euskara hutsik azaltzea delitua da (baita porruak saltzen dituenarentzat ere).
- Euskalduna ez da jadanik hizkuntzatik definitzen, eta hainbat mahai inguru, hitzaldi eta artikulutan frogatu ahal izan dugu, azken urteotan, “euskaldunak” kontzeptua aipatzen digutenean “vascos” ulertu behar dugula.
- Alderdi abertzaleek porrot egin dute euskararen ahalduntzean, hiztegi politiko berrian hain kuttuna duten berba erabiliz.
- Ez dakigu zer bide hartu behar genukeen, dakigun bakarra da bide hau txatarraz, zango moztuz eta oinetako lehertuz dagoela betea.
- Haztamuka eta itsumustuan ere ibiliko gara behin baino gehiagotan, baina gure ahalen araberako gogoeta sakon eta zabal bat proposatzen dizuegu, alderdikeria ororen gainetik.
- Dakigun bakarra da euskararen subjektu politikoa euskalduna dela. Eta ez dela.