Mungian, Izenaduba basoan, Olentzeroren etxea dago. Euskal Herriko umeen gozagarri, hain maiteak dituzten pertsonaia mitologikoz beteta.
Hantxe aurkituko dituzue Anbotoko Mari, bere koban sartzeko “gua-pa, gua-pa” oihu egin behar dela esanez, jakintsua dena “superguaya” dela esanez, basajaunen seme asmatua… eta denak euskaraz baino areago, espainolez mintzatzen.
Hantxe aurkituko dituzue ume euskaldun zenbait, beren irudimenezko mundua suntsitzen ari zaien sentipenarekin, behinola izan zituzten erreferente haiek ere, hizkuntzaz nahiz izatez, espainolizatu egin zaizkielako. Dizkiezuelako.
Olentzero ikazkina izan da beti, bere kaxa lan egin duen ikazkina, besteen etxeak berotu dituen pertsonaia mitologiko maitagarria.
Bestalde, egun, Olentzero enpresa lanetan ere hasi zaigu, goizean goiz hasi eta lehendabiziko haur taldea etortzen zaio bisitan, ondoren beste bat, eta beste bat… Gauza bera gertatu zaie beste Anbotoko Mariri, Basajauni…
Olentzerok ikazkin izateari utzi zionetik gauzak aldrebestu dira oso, izan ere, Olentzerok nor den ere egun ba al daki?