Animaliei buruzko dokumental baten tonua eman nahi nion testuari, eta Felix Rodriguez de la Fuenteren ahotsa jartzeko esan behar nizuen, edo LA2eko dokumentaletako ahotsa gutxienez. Gero konturatu naiz euskarari buruz hitz egin nahi dizuedala eta ezingo dizuedala eskatu espainol hutsez mintzo den gizon-ahots ikoniko bat irudikatzeko nire ahotsean.
Baina, saiatu arren, ez naiz gai euskal biologo famatu eta emakumerik izendatzeko, are gutxiago bere ahotsa zein den irudikatzeko, eta are gutxiagozuei eskatzeko bere ahotsa nirearen gainean proiektatzeko. Beraz, euskarariburuz esan dezakeguna esan dezakegula, zalantza bat geratuko da beti airean: nahikoa ote da euskaraz aritzea, ez bagabiltza euskaratik? Gure mundu erreferentzial propioa aberasteaz arduratzen ez bagara, eta besteenengan oinarritzen bagara etengabe?
Hau esanda, has dadila dokumentala:
Leioako muino beti haizetsu eta beti lainoturantz, ikasle, irakasle etalangile saldoek goizeroko erromesaldia hasi dute. Denetarikoak nahasten dira logure usaindun autobusetan: gaztelerazko klaseetara joaten hasi diren Erasmuseko ikasle lotsatiak batetik; hiztun kamuflatuak bestetik: hau da, euskaraz hitz egiteko itxura duten arren, erdaraz mintzo diren lagun-taldeak, edo alderantziz; hibridoak ere hor daude: “me dejas el beroki”, edo “las ariketas” esaten dutenak; eta beste asko.
Oraintxe sartu da autobusera bere habitatetik lehen aldiz irten den espeziebat: arnasguneko euskalduna. Espezimen xelebrea, berak hala uste ez duen arren. Karrerako lehen mailan dago. Ez du inoiz euskara galduko denik sinetsi. Ohitua dago berak euskaraz egin eta denek euskaraz erantzutera. Autentikoena dela sentitzen du, eta bere euskalkia dagoenik eta freskoena dela. Barre egin izan die Getxoko bertsolariei “tz” txarto ahoskatzearren. Badaki arnasguneez gain, itoguneak eta basamortuak ere badaudela euskararen hautespen ez hain naturalean, baina ezin zuen imajinatu ere egin nolakoa zen beste lur lehor horietako bizimodua. Orain ari da ikasten.
Pribilegiatutik zapaldura hilabetean: Kafesne bat / ¿como? ; galdera bat /¿que?; beka eskatzeko paperak? / ay cariño, en castellano ; autobus gidariak, irakasleak, ikaskideak, kartelak. Zapalkuntza txikien zerrenda amaigabea idazten hasi da arnasguneko euskalduna, eta, instintuz, segituan elkartu da beste arnasgune batzuetako hiztunekin, elkarrekin konspiratzeko eta negar egiteko, ziur daudelako ezingo dutela biziraun lau urtez honelako egoeran.
Klasean erreportaje bat, albiste bat, dokumental bat eskatzen diotenaldiro, euskararen egoeraz berba egiteko aprobetxatzen du. EHU ALA UPV? bezalako izenburuak erabiltzen ditu bere aurkezpenetan, eta Espejo Publicoren sentsazionalismo mailaz garatzen ditu. Mindutako piztia da, haserre dago arnasguneko euskalduna.
Ez du ulertzen nola, bien bitartean, bere Irungo, Derioko, Baionako ikaskideak lasaiago dauden. Are gehiago, pozik dauden, gelan euskaraz harremantzeko esparru bat eratu dutelako gutxienez. Leioa, errealitatearen porlanezko lagin hau.
Igarotzen dira urteak eta arnasguneko euskalduna ez da hiltzen itolarriak jota. Baina jada ez da lehengo berbera. Desberdin itzultzen da herrira, desberdin irteten da lehorrera. Hizkuntza zapalduaren kontzientzia bereganatu du, ez du mugatu nahi bere talaia pribilegiatutik besteei begiratzera, ez du probintziartasunean erori nahi.
Eta ikasi du baloratzen UPV EHU bilakatzeko ahalegin etengabean bizi direnen lana. Agian gaur eskerrak eta dena emango dizkio Leioari, agian zerbait kantatu, idatzi… edo dokumentalen bat eskainiko dio.
One thought on “Arnasguneetako izakiak”