Inkesta soziolinguistikoek neurtzen dute zenbat diren elebidunak. Hots, zenbatek dakiten euskara. Besterik da, ordea, euskara dakiten horietatik zenbatek daukaten zinezko erraztasuna euskaraz mintzatzeko. Joxe Manuel Odriozolak dioen gisan, azken urteetako hezkuntza sistemak sortu dituenak dira erdaldun elebidunak, baina ez euskaldunak. Erran nahi baita, derrigorrezko hezkuntza bukatzen duten ikasle anitz, funtsean, ez direla euskaldunak ateratzen. Ikastolatik kanpo, ez dira euskaraz bizi, eta behin ikastetxera joan beharrik ez dutenean, euskara bazterrean uzten dute.
Euskaraz aritzeko ez badira behar bezain trebe, hizkuntza horrek ez die balio eroso komunikatzeko. Eta horrek traba handia egiten dio euskararen normalizazioari. Adibidez, garbi ageri da euskarazko irratietako albistegietan mintzo diren lapurtar anitzen kasuan. Euskalgintzatik eta mugimendu abertzaletik kanpoko gai anitzetan (mugimendu sozialetan, adibidez), irratilariek aurkitzen dituzten hizlariei, maiz, nabari zaie (hitz jarioan, azentuan, lexikoan…) ez dutela ohiturarik euskaraz mintzatzeko. Ez da euskalki kontu bat; euskara eguneroko mintzaira dutenak aise mintzo dira, lapurteraz ari direnean ere.
Euskara noizbehinkako hizkuntza baldin badute euskaldunek, hizkuntza herdoiltzen da, lexikoa galtzen da, hitz jarioa moteltzen… Eta horrek euskara bera ahultzen du. Euskaraz bizitzeko, herritarrek gutxieneko euskara maila bat behar dute; eta gutxieneko maila hori lortzeko, euskaraz bizi behar du herri honek. Ezin gara konformatu estatistikak hobetzearekin. Datu kuantitatiboek gutxi balio dute, maila kualitatiborik ez badago.
Ados.
Baina susmoa daukat, datu kuantitatibo zenbait (agintariek bildu, landu eta zabalduta), datu kualitatiboak (egoerak) estaltzeko erabili ohi direla. Gehienetan, inkestatuen usteetan (eta ez benetako jardueran) oinarrituta egoten dira ESKAINTZEN DIZKIGUTEN datu kuantitatibo horiek gainera.
Beste datu kuantitatibo batzuk aldiz, ez dira eskaintzen, esku-eskura izan arren eta objetiboki neurgarriak izan arren: euskal prentsaren kontsumoaz, ETB1en ikusleriaz, Euskarazko irratien kontsumoaz, euskarazko liburuen kontsumoaz, Unibertsitateko ikasleen euskarazko / erdarazko matrikulazioaz (eta euskaraz matrikulatzeko aukerez) ari naiz adibidez.
Duela egun batzuk Jaurlaritzak argitaratutako Soziometroan adibide aratzak aurki daitezke, arreta apur bat jarriz gero. EiTBren gaineko azterketa “sakona” egiten du, baina ez ditu EiTBko kate ezberdinen ikuslen datuak ematen, berbarako.
Edota “ETBren” saioen eta ezaugarrien gainean inkestatuen erantzunak ematen ditu, euskarazko eta españolezko kateak ezberdindu barik… eta horrela, eta horrela.
Nire amak manipulazio-ariketa hutsa dela dio. Horrelakorik ozen ez esateko erantzuten diot nik, dena jakiten da-eta.