5a txerri gantxoarekin

Aurten ezagutu ditugu Zarauzko euskararen kale erabileraren datuak ere. Herritarren erdiak erabiltzen du kalean euskara. %50aren bueltan. Aurreko neurketek emandako emaitzetatik ez da desberdintasun handirik sumatu. Batzuk konforme dira erabilera mantentzea lortu dugulako. Emaitza beti izan daiteke okerragoa, bistan da. Beste batzuk ez daude hain gustura. Erabilera hobetu zitekeelako, ahaleginak eginagatik ez dugulako pausu bat aurrera eman.

5 bat atera eta aprobatua lortuta konformatzen direnak izango dira. Baina nekez egongo da emaitza horiekin gustura eta harro egongo denik. Ikastolako andereño Rosak batzuetan jartzen zigun bezalako nota litzateke gurea: 5a txerri gantxoarekin, galdera ikurrarekin alegia.

Orain bi larunbat hainbat euskaltzale elkartu ginen euskararen erabileran nola eragin aztertzeko. Eta galdera hauxe egin genion geure buruari: 10 urte barru nolako Zarautz irudikatzen duzu euskaltzaleak aktibatuko bagina? Erabilera %80koa lortu genezakeela esan zuen batek eta bertan bildu ginen 45 laguni barrea atera zitzaigun. Ezinezko datu batean aurrean geundela sinetsita. Eta egia: izan daiteke kopuru lortu ezina. Izan daiteke edo ez. Garbi dagoelako guk sinesten ez badugu ez dugula inoiz lortuko. Guk geure buruari muga eta amets handiagoak jarri ezean, hemendik hamar urte barru ere bost txerri gantxoarekin konformatu gintezke. Baina zer nahi duzue ba esatea, nik nahiago 8a ateratzea. Egingo dugula, lortuko dugula sinistu behar horretarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: