TXILLARDEGI ZERGATIK EZ ZETORREN BAT…

Txillardegiren euskalduntasuna ez zen etnodiglosikoa, ez zen erakunde autonomikoetatik saldu nahi diguten elebitasun sozial orekatuaren mitoa, ez zen euskararen eta euskaldunon etorkizuna hiztun banakoaren esku uzten duen politika linguistiko oinarrigabea. Naziotasunean oinarritzen zuen Txillardegik euskararen normalizazio soziala: hots, euskarak bere nazio-lurraldea behar du, non hizkuntza nagusia izango den.  Arnasguneetan, gutxienez, aspalditik indarrean egon behar zuen lurralde-irizpidearen euskara politika, gure agintari autonomikoen euskalduntasuna nazio ikuspegitik mamitu izan balitz. Botere autonomikoaren euskalduntasuna, ordea, ez da nazionala, mentalitate kolonizatuaren ezaugarriak nagusitzen dira haren hizkuntza politika publikoetan. Horregatik, erraz ulertzen dugu Txillardegi zergatik ez zetorren bat EAEn indarrean jarri diren hizkuntza politika publikoekin.

Txillardegik bazekin gure antzeko kinka soziolinguistikoan zeuden nazio zapalduetan zer gertatzen zen. Bazekien lurralde-irizpidean oinarritu ordez, pertsona-printzipioan funtsatutako hizkuntza politikak hizkuntza minorizatuaren kalterako direla. Bazekien hizkuntza zapalduak modu akademiko formalean nola edo hala ikasi ikasten direla, baina erabiltzeko orduan politika horrek porrot egiten duela. Bazekin erabileran oinarritzen dela benetako ikaskuntza eta gaitasun komunikatiboa. Eta ahozko eta idatzizko erabilera bermatzen ez duten hizkuntza politikek ez dutela hizkuntza menderatuaren alde funtzionatzen. “Eskubide pertsonalen gaineko glotopolitikek ez dute inon elebitasun orekaturik lortu”. Horregatik, erraz ulertzen dugu Txillardegi zergatik ez zetorren bat EAEn indarrean jarri dituzten hizkuntza politika publikoekin.

argazkia: Jon Urbe (Berria, 2012-01-25)

“Euskaldunak bigarren mailako herritarrak gara EAEn, hirugarren mailakoak Nafarroan eta mailarik ere ez digute aitortzen Iparraldean”. Euskaldunok arrotzen gisa bizi gara Euskal Herrian Txillardegiren esanean, eta oinarrizko giza eskubideak ukatzen zaizkigu. Hizkuntza eskubidea oinarrizko giza eskubidea da, gure agintari autonomiko espainolduek kontuan hartzen ez badute ere. Beraiei aski zaie euskalduntasun errituala konplitzearekin, Eusko Jaurlaritzaren lan eta pentsamendu hizkuntza, nazio minorizatzailearen hizkuntza delako. Kontraesanen gaina praktikatzen du gure gobernu autonomikoak: botere autonomikoak ustez normalizatu nahi duen hizkuntza ez dator bat berak darabilen hizkuntzarekin. Nazio “foralaren” hizkuntza erreala espainiera da, hizkuntza horretan funtzionatzen duelako, eta nazio normalizatu baten funtzioak betetzen dituen erdal hizkuntzan diharduen Jaurlaritzaren erreferentzia nazional, sozial eta kulturalak espainieraz eta espainieratik eratuak daudelako. Horregatik, erraz ulertzen dugu Txillardegi zergatik ez zetorren bat EAEn indarrean jarri dituzten hizkuntza politika publikoekin.

“Hizkuntza zapalkuntza nazio zapalkuntzaren ondorio eta isla da”. Jaurlaritzako agintari abertzaleek buruan daukaten nazioa ez da euskararen eta euskaldunon nazioa, euskalduntasun etnodiglosikoan funtsatutako erregioa baizik. Nazioaz mintzo zaizkigu,   nazioa hitz magikoa balitz bezala. Txillardegiren nazioa Euskal Herria asimilazio espainoletik ateratzeko borroka-kontzeptu bat da, ez espainolez bizi eta euskaldun itxurak egiteko trikimailu ideologiko bat. “Gu nazio bat gara” ozen aldarrikatu eta dena egina dago nonbait. Esan eta egin: hitzaren magian sinesten dutela dirudi. Txillardegiren nazioak, ordea, ez dauka ezer magiatik: euskaldunon herri eskubide bat da, nazio gisa autodeterminatzeko daukagun eskubidea, eta eskubide hori mamitzeko bide bakarra dago: asimilazioaren politikarekin jarraitzen duen Espainiaren aurka borrokatzea. Horregatik, erraz ulertzen dugu Txillardegi zergatik ez zetorren bat EAEn indarrean jarri dituzten hizkuntza politika publikoekin.

“Zerk egin du Euskal Herria? Zerk eman dio bere izaera berezia? Zerk egiten du gure naziotasuna? Zerk bizi gaitu? Zerk bereizten gaitu? Zerk ematen digu gure euskal arima? Euskarak ez bestek”. Zerk egiten du EAE deritzan komunitatea?, euskarak ala espainierak? Funts-funtsean nazio eraikuntza euskaldunaren politika dago indarrean EAEn ala nazio eraikuntza espainolarena? Zerk bizi du Jaurlaritza eta Jaurlaritzaren nazio identitatea? Euskarak agian? Zertan ote datza benetan euskalduntasun horren “arima” edo identitatea? D ereduaren euskara transmisio akademiko formalak egiten ditu gure ikasleak ala curriculum inplizitu eta esplizitu espainolak? Txillardegiren ustez euskarak egiten gaitu euskaldun. Baina Txillardegiren euskalduntasun kontzeptuak ez dauka zerikusirik Jaurlaritzaren euskal identitatearekin. Horregatik, erraz ulertzen dugu Txillardegi zergatik ez zetorren bat EAEn indarrean jarri dituzten hizkuntza politika publikoekin.

“Gure hizkuntza ‘txikia’ omen da”: Txillardegiren hitzak dira horiek. Jaurlaritzaren hizkuntza politikak euskaldunon deskolonizazio mentala sustatu beharrean euskararen eta euskaldunon txikitasuna azpimarratzen digu hitzetik hortzera. Txikia garenez, konforma gaitezen gure neurrira egindako politika txikiarekin. Bidenabar esateko: formulazio ideologiko horretan ez al zaizue iruditzen, zeharka bederen, Euskal Herriak jasan duen asimilazio nazional linguistikoa normaltzat jo eta naturalizatu egiten duela gure botere autonomikoak? Nik baietz esango nuke. Bestalde, munduan badaude hizkuntza txikiak estatu txiki batekin, eta jende horri ez dio nazioaren edo hizkuntzaren neurri txikiak duintasunik eta askatasunik ezeztatzen. Beraz, ebidentzia soziolinguistikoak daude txikiaren mito hori eraisteko. Baina, jakina, espainiar nazio minorizatzaileari aurre egiteko duintasunik eta adorerik ez daukaten Jaurlaritzaren ahotsei ondo datorkie gure txikitasunaren kontakizunaz baliatzea. Horregatik, erraz ulertzen dugu Txillardegi zergatik ez zetorren bat EAEn indarrean jarri dituzten hizkuntza politika publikoekin.

“Herri-pizkunde guzietan, lehendabiziko abertzale belauna, hizkuntza arrotzaz baliatzen da. Bigarrena. Aldiz, nazio-hizkuntzaz”.  Hemen belaunaldiak joan eta belaunaldiak etorri, hizkuntza arrotza jaun eta jabe. Hemen ez dago herri-pizkunderik. D eredua da euskalduntzearen harrobi nagusia, eta harrobi horretatik ateratzen diren belaunaldien euskalduntasunak  Jaurlaritzaren euskalduntasunarekin bat egiten du erabat: oro har, ahozko gaitasun komunikatiborik gabeko belaunaldiak dira, herrixka euskaldunetakoak salbu. Botere autonomikoaren euskalduntasuna ekoizten da D ereduaren ikastetxeetan: izan ere, kultura idatziaren hizkuntza ere ez da euskara belaunaldi berrientzat, erdara baizik. Eskolan dauden bitartean euskarak funtzio akademiko formala betetzen du, eta hori amaitzean, hizkuntza arrotza da belaunaldi berrien identitate eta kognizio hizkuntza. Horregatik, erraz ulertzen dugu Txillardegi zergatik ez zetorren bat EAEn indarrean jarri dituzten hizkuntza politika publikoekin.

Txillardegiren azken mezua, mezu txit argigarria, Txillardegiren pentsamendu politikoarekin leial izan nahi duenarentzat: “Nazio arazoa, hitz batez, nazio-askapena burutu artean batez ere, arazo soziolinguistikoa da funtsean”.

Utzi erantzuna Anonimoa(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: