Bezeroak desahalduntzeko manerak

Negozioaren itzal luzeak hartu du hezkuntza-sistema, behinik behin unibertsitate-esparruan. Merkatuaren lege horrek unibertsitate-eskaintza baldintzatu du, hala Graduen hautuan, nola ikasgaien diseinuan. Jakina da unibertsitate-eskaintza noren eskumena den; baina, nork ote eskaria irudikatzeko gaitasuna? hezkuntza-komunitateak? ikasleek? herritarrek?…  Eskariaren jatorria lausoa da gehienetan, ziur asko eskaintza nahierara egokitzeko. Antza denez, Graduen diseinuan enpresa-eskariei egin zaie kasu, eta ez bestelako eskari sozialei.

Argudio-dantzetan, bestalde, ohikoegi bihurtu da eskari-eskaintzaren legea. Ikasleez jardutean, esaterako, gero eta sarriago entzuten dira antzeko leloak: haiek ditugu bezero, haien interesei erantzun behar zaie, eta abar. Jakina, irakaskuntza-prozesu orok, ikasleen ezagutzak eta interesak kontuan hartu behar ditu, motibazioa sustatzeko ez ezik, jakintza-prozesuaren urratsak egoki eraikitzeko. Baina, eskari-eskaintzaren legeak jarrera ugari kutsatu dituelakoan nago, baita hizkuntza-ohituretan ere. Ikasleen premiei egokitu behar horretan, hainbat ohitura txar ere hartu ditugu.

Azken hamar urteotan, kezkatzeko moduko joera batek egin du gora nire ikasleen artean (EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean): taldeka testu baten interpretazioa egiteko eskatu, eta taldekideen artean, eztabaida espainolez garatu ohi dute. Talde handian iritziak trukatzean, aldiz, euskaraz aritzen dira, irakasleari hitz egiten diotela ulerturik-edo. Joera horrek ezinegon handia eragin digu lankide batzuei. Orain artean, gaiari nola heldu asmatu ezinik ibili naiz, zalantzati, kontu eske hasi ala ez. Lankide batek burutazio ona izan zuen. Gelan sartu, eta saioa espainolez abiatu zuen. Berehala harrotu zitzaizkion ikasleak: euskarazko taldea zela… zer demontre! Marmarrak non-nahi. Bezeroak kexu.

Lankideak unibertsitate-giroan erroturiko desoreka bat agerrarazi zuen: ikasleak ikasgaia euskaraz hautatuz gero, irakasleari azalpenak zein baliabideak euskaraz exijitzeko eskubidea du. Irakasle batzuei, aldiz, ez zaigu hain samurra ikasleei hautu horrekiko konpromisoa eskatzea; talde txikian ari direnean bereziki, ikaskideen arteko komunikazioan esku-hartzea zailagoa zaigu. Euskaraz ikasteko matrikulazioak beheranzko joera duela jakiteak, gainera, ez du laguntzen; bezero-galeraren aurrean, erakarri nahiak malguago jokatzera garamatza.

Nahiz eta ikasleak unibertsitate-hezkuntzaren zuzeneko hartzaileak izan, unibertsitatea ere bada zerbitzu soziala, eta hartara, badagokio premia zein eskari kolektiboei erantzutea. Testuinguru horretan, irakasleoi zalantzak uxatzea dagokigu, eta eskaintza-eskariaren legea urratzeko zirrikituak bilatzea. Hartara, hurrengo ikasturteko nire irakaskuntza-gidan, eskari hauxe gehituko dut: «Ikasgai honetan ikasle-irakasle komunikazioa ez ezik, ikasle-ikasle arteko komunikazioa ere euskaraz garatuko da». Niretzat esan gabe doana, beste batzuek ageriko egitea behar dutelako. Esan gabekoen zakura itzul dadin, berandu baino lehen.

Utzi erantzuna Anonimoa(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Anti-Spam Quiz: