Bezeroak desahalduntzeko manerak

Negozioaren itzal luzeak hartu du hezkuntza-sistema, behinik behin unibertsitate-esparruan. Merkatuaren lege horrek unibertsitate-eskaintza baldintzatu du, hala Graduen hautuan, nola ikasgaien diseinuan. Jakina da unibertsitate-eskaintza noren eskumena den; baina, nork ote eskaria irudikatzeko gaitasuna? hezkuntza-komunitateak? ikasleek? herritarrek?…  Eskariaren jatorria lausoa da gehienetan, ziur asko eskaintza nahierara egokitzeko. Antza denez, Graduen diseinuan enpresa-eskariei egin zaie kasu, eta ez bestelako eskari sozialei.

Argudio-dantzetan, bestalde, ohikoegi bihurtu da eskari-eskaintzaren legea. Ikasleez jardutean, esaterako, gero eta sarriago entzuten dira antzeko leloak: haiek ditugu bezero, haien interesei erantzun behar zaie, eta abar. Jakina, irakaskuntza-prozesu orok, ikasleen ezagutzak eta interesak kontuan hartu behar ditu, motibazioa sustatzeko ez ezik, jakintza-prozesuaren urratsak egoki eraikitzeko. Baina, eskari-eskaintzaren legeak jarrera ugari kutsatu dituelakoan nago, baita hizkuntza-ohituretan ere. Ikasleen premiei egokitu behar horretan, hainbat ohitura txar ere hartu ditugu.

Azken hamar urteotan, kezkatzeko moduko joera batek egin du gora nire ikasleen artean (EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean): taldeka testu baten interpretazioa egiteko eskatu, eta taldekideen artean, eztabaida espainolez garatu ohi dute. Talde handian iritziak trukatzean, aldiz, euskaraz aritzen dira, irakasleari hitz egiten diotela ulerturik-edo. Joera horrek ezinegon handia eragin digu lankide batzuei. Orain artean, gaiari nola heldu asmatu ezinik ibili naiz, zalantzati, kontu eske hasi ala ez. Lankide batek burutazio ona izan zuen. Gelan sartu, eta saioa espainolez abiatu zuen. Berehala harrotu zitzaizkion ikasleak: euskarazko taldea zela… zer demontre! Marmarrak non-nahi. Bezeroak kexu.

Lankideak unibertsitate-giroan erroturiko desoreka bat agerrarazi zuen: ikasleak ikasgaia euskaraz hautatuz gero, irakasleari azalpenak zein baliabideak euskaraz exijitzeko eskubidea du. Irakasle batzuei, aldiz, ez zaigu hain samurra ikasleei hautu horrekiko konpromisoa eskatzea; talde txikian ari direnean bereziki, ikaskideen arteko komunikazioan esku-hartzea zailagoa zaigu. Euskaraz ikasteko matrikulazioak beheranzko joera duela jakiteak, gainera, ez du laguntzen; bezero-galeraren aurrean, erakarri nahiak malguago jokatzera garamatza.

Nahiz eta ikasleak unibertsitate-hezkuntzaren zuzeneko hartzaileak izan, unibertsitatea ere bada zerbitzu soziala, eta hartara, badagokio premia zein eskari kolektiboei erantzutea. Testuinguru horretan, irakasleoi zalantzak uxatzea dagokigu, eta eskaintza-eskariaren legea urratzeko zirrikituak bilatzea. Hartara, hurrengo ikasturteko nire irakaskuntza-gidan, eskari hauxe gehituko dut: «Ikasgai honetan ikasle-irakasle komunikazioa ez ezik, ikasle-ikasle arteko komunikazioa ere euskaraz garatuko da». Niretzat esan gabe doana, beste batzuek ageriko egitea behar dutelako. Esan gabekoen zakura itzul dadin, berandu baino lehen.

6 comments on “Bezeroak desahalduntzeko manerak

  1. Euskera latinizatzen ari den susmoa edo…
    Hurbilekoekin, mundu emozionaletik hurbilago daudenean, gaztelera erabiltzen badute, zein da horren zergatia? Zergatik joera hori?

  2. Esker mila, Maite, zure ekarpenagatik. Arrazoi, “latinizatzen” ari, ezin hobeto adierazi duzu. Eta galdera ezin egokiagoa jarri duzu mahai-gainean, emozioen esparru horretan arakatzea ezinbestekoa hizkuntza-joera horiek aztertzeko, eta horietan beste modu batera eragin ahal izateko.
    Ziur asko, horren jakitun, irakasleoi ere kosta egiten zaigu klaseko jardueretan euren artean euskaraz egiteko eskatzea (edo hori da behintzat, nire kasua). Asmatu behar emozioen eremu horretan nola eragin.

    Bestalde, badira behintzat gure fakultatean bi gertaera, aztertu beharrekoak edo kontuan hartu beharrekoak:
    a) Batetik, eremu euskalduneko ikasle askok, eremu hurbil horretan euskaraz diharduten ikasle askok, gazteleraz ikasteko hautua egiten dute (“latinizatze” horren beste ondorio bat izan daiteke).
    b) Bestetik, ingelesezko ikasgaiak ere gehitu dituzte graduetan, eta ikasgai horietan, irakasle batzuek behintzat, ikasleei klaseko jarduna ingelesez izan behar duela esaten diete. Eta euskarazko saioetan baino “naturaltasun” handiagoz hartzen dute hori ikasle gehienek. Jakina, ez dut datu orokorrik, irakasle batzuen esperientzia besterik ez da. Baina, esperientzia horiek eragin dute nire gogoeta, ikusirik badugula halako malgutasun bat euskaraz ikasteko hautua egiten denean (esker onez, edo …); badirudi, beste kasu batzuetan, esaterako, ingelesez ikasteko hautua egitean, bestelako jarrera batzuk antzematen direla.

    Emozioen kontu horri ere buelta batzuk emango.
    Hurrena arte, Maite!

    1. Ados, oro har,esaten duzuenarekin, baina zenbait gogoeta gaineratuko nituzke.
      Mundu akademikoa funtsezkoa izan da euskararen estatusa aldatzeko eta ehun milaka hiztun berri sortzeko. Hala ere, azkenaldian “euskararen erabileraren igoeraren geldialdia” aztertzeko hitzaldi eta jardunaldietan parte hartu dudan bakoitzean, oso kezkagarriak gertatzen zaizkidan gogoetak entzuten ditut, nik kontua ikusteko dudan ikuspegiarekin batere ondo uztartzen ez direnak:

      (1) Euskara irakaskuntzan sartzeari esker nabariki igo da euskaldunen (edo, hobe esan, elebidunen) kopurua, baina euskararen erabilera ez (omen) da proportzio berean igo. Gogoeta horretan kontuak ondo egiten ez direla uste dut nik. Izan ere, erabilera ebaluatzeko kaleko neurketak baliatzen dira nagusiki, nire iritziz euskararen erabileraren irudi egokia ematen ez dutenak. Duela 30 urte euskarak ia-ia ez zuen presentziarik irakaskuntzan eta, orain aldiz, milaka eta milaka hiztun ditugu haien ikasketak euskaraz jaso dituztenak eta, bestalde, unibertsitatean denetariko gaiak irakasten dira euskaraz. Nork irudikatu zezakeen gaurko egoera duela 40 urte? Milaka eta milaka irakaslek euskaraz ematen dituzten klaseak, prestatzen dituzten apunteak eta ariketak etab. gehitu beharko lirateke erabileran. Horretaz gain, milaka eta milaka ikaslek jasotzen duten inputa, egiten dituzten aurkezpenak eta mintegiak, irakurtzen dituzten apunteak eta liburuak, idazten dituzten lan eta azterketak etab. etab. ere hartu beharko lirateke kontuan. (Iratxek aipatutako irakaskuntzaren munduaz ari naiz bakarrik).

      (2) Egia da, hala ere, Iratxek esaten duen bezala, kezkagarria dela ikasle elebidunek unibertsitatean euskaraz ez matrikulatzea, edota euskaraz matrikulatzen direnek erdaraz hitz egitea haien artean. Egoera informaletan edota ikasle-ikasle harremanetan euskararen erabilerak dituen mugak eremu erdaldunetako hiztunen euskara-gaitasun mugatuarekin lotzen entzun eta irakurri dut behin baino gehiagotan. Lotura horrekin ezin ezadosago nago. Euskaldunen artean kategoriak bereizteko joera hori euskararako ezin kaltegarriagoa dela uste dut. Izan ere, eremu ez-euskaldunetako hiztunen hizkuntza-autoestimua jeisteko eta eremu euskaldunetako hiztun (euskalkidun)ei beste klase batekoak, gainetik dagoen klase batekoak, direla pentsarazteko baino ez dute balio sailkapen horiek. Hiztun-klaseak bereziteko joera horiek bakarrik balio dute hiztun batzuek “txarto” egiten duten hizkuntza ez erabiltzeko, eta besteek beraien artean bakarrik erabiltzeko euskara, beheko klasekoekin ez nahasteko edo.
      Unibertsitateko irakasleok ikuspegi horretatik hainbat gauza egin ditzakegu, nire iritziz. Oso ideia ona deritzot Iratxek irakaskuntza-gidan sartutako esaldiari («Ikasgai honetan ikasle-irakasle komunikazioa ez ezik, ikasle-ikasle arteko komunikazioa ere euskaraz garatuko da»), edota ikasleak erdaraz ari badira, irakaslea ere erdaraz hasteari. Baina beste ekimen batzuk ere bururatzen zaizkit puntu honetan egindako gogoetaren bidetik: a) Eremu erdaldunetako ikasleen hizkuntza-autoestimua igotzeko estrategiak jartzea abian haiekin interakzionatzen dugunean. b) Ikasle guztiei ikustaraztea guztiok ditugula zenbait ahulgune gure hizkuntza-gaitasunetan(irakasleon ahulguneak ere agerian uztea), baina horietako batzuk hobetu ditzakegula kontziente izanez gero. c) Talde-lanetarako jatorri desberdinetako ikasleak biltzea talde batean, eta hautu hori egokiro arrazonatzea: mota bateko ikasleek beste mota batekoei ekarpen handiak egin ahal dizkiete, osagarriak izan daitezkeen gaitasunak eduki ohi dituztelako. d) Irakaskuntza-gidan ez ezik, ebaluazioan ere kontuan hartzea klaseko ikasle-ikasle harremanetan erabiltzen duten hizkuntza.

      Beste kontu interesgarri asko daude Iratxeren artikuluan, baina beste baterako hobe: gehiegi luzatzen ari naiz.

  3. Igone, eskerrak milaka zure ekarpen mamitsua gurekin konpartitzeagatik. Bikain adierazi duzun moduan, irakaskuntza funtsezkoa izan da euskalduntzeko prozesu horretan, eta gutako askok unibertsitatean euskaraz ikasi eta irakasteko aukera izan dugu, jende askok urteetan zehar egindako lan eskergari esker. Aitortza hori beharrezkoa da, zalantzarik ez.
    Eta eskerrik asko, batez ere ekimen praktikoak proposatzeagatik, oso-oso kontuan hartzekoak, bat nator guztiekin. Uste dut funtsezkoa dela autoestimuaren inguruan a) puntuan diozun hori, ikasleen artean “euskaldun jatorra”ren ideologiak tamalez indar handia duelako, eta askotan, ikaskideek hori areagotzen dutelako. Horregatik, oso-oso bide ona iruditu zait c) proposamena, sekula bururatu ez zitzaidana, eta hurrengo ikasturteari begira kontuan hartuko dudana, ziur.
    Segituko dugu solasean. Laster arte, Igone!

  4. Kaixo! Zorionak lehenik eta behin gune hau sortu izanagatik. Ibilbide luze eta oparoa izan ahalko du!
    Erabileraz egindako aipamenei nirea gehitu nahi nieke.
    Erabilera neurtzeko kaleko neurketez gain, inkesta soziolinguistikoa (bost urtez behin) Siadeco eta HPSren eskutik, eta Mapa soziolinguistikoa (bost urterik behin hori ere) Eustaten ardurapean erabili ohi dira nagusiki.
    Guztietan ageri da erabileraren geldotze hori (edota eremuaren araberako beheranzko joera ere bai). Aintzat hartu behar da bestalde, kaleko erabilera neurketa behaketa bidezko azterketa dela, baina Inkesta galdera telefoniko bidez osatzen da, eta Mapa soziolinguistikoak Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsua du iturburu. Batzuek eta besteek badituzte bertuteak nahiz ajeak, eta hirurei erreparatzea komeni da erabileraren argazkirik ahalik eta fidelena eskuratzeko. Ez horiei bakarrik. Gutako bakoitzak ere baditugu begiak eta belarriak, gure inguruko erabileraren bilakaeraren berri ematen digutenak.
    Egia da Igonek dioena. Asko ekoizten da euskaraz ikastetxe eta unibertsitateetan. Baina egia da ere, oso nabaria dela euskara ikastetxeetako geletako hormen artean gatibu bezala geratzen dela gehienetan. Sarri askotan gainera, gela barruan ere, ikasleen arteko jarduna erdaraz izan ohi da. Hezkuntzan, beste eremu batzuetan bezalatsu (politikagintzan, erakunde publikoetan…) euskararen erabilera ariketarik formalenetara mugaturik ageri da sarri-sarri. Baditugu erabileraren bilakaeraz kezkatzeko motiboak.
    Bat nator, erabilera neurtzeko orduan adierazle gehiagori erreparatu behar dela esaten denean. Hor dago adibidez euskarazko hedabideen edota interneten kontsumoa. Horietan ere, ez gaude bada etxaferuak jaurtitzeko moduan. Euskarazko telebista publiko bakarraren ikuksleriak ez du %2a gainditzen, adibidez, eta telebistari begira egon ohi gara hiru ordu inguru egunean bataz beste… Oso datu esanguratsua eta ondorio nabariak dauzkana iruditzen zait hori. Berriaren irakurleak, Argiarenak, Euskadi irratiaren entzuleak… zenbat gara?
    Unibertsitatetik tarteka eta tantaka jaso ohi ditugun datuak (bitxia da gero, unibertsitateek datuak zehatzago eta aldiro-aldiro ez etortzea) ere ez dira baikorrak izateko modukoak.
    Baina erabilera emendatzeko aukerak badaude… baldin eta antolatu eta elkarlanari ekiteko gauza bagara, ze euskara bizitzeko eta ez museorako nahi dugunok antolatu eta elkartzen ez bagara, agonia beharbada ez luzeegia dauka zain gure hizkuntzak.

  5. Ongi etorri parlantzura, agirretar!
    Eskerrik asko zure gogoetak gurera ekartzeagatik. Zuk aipatu bezala, erabilera neurtzeko hiru bide horiek argi erakutsi digute azken urteotan “mihi-dantzan” dugula erronka nagusiena, eta lehenbailehen heldu beharrekoa. Datu kezkagarria oso telebistarena, ikus-entzunezkoek horrenbesteko indar duten garaian… segi dezagun hangoak eta hemengoak xaxatzen!
    Gune hau zabalik duzu, nahibeste gogoeta-ekarpen-kritika-zalantza agertzeko!
    Hurrena arte, JJ.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude