Biluzteko gaitasuna

Jakarekin batera, erabaki irmoa jantzi nuen kalera atera aurretik: ez nion inori erdararik egingo hala eskatu ezean. Errealitatea egoskor oilartzen bazitzaidan ere, egia nuen alde; edo hobe esanda, Egia (Lutxo) eta Egia (auzoa). Txikikeria eman dezakeen arren, ez da erraza izaten luzaroan jasotako heziketa onaren lorratzetatik kanpo egitea bide. Eta hain zuzen ere, kale egina nengoen ordura arteko saiakera guztietan.

Beraz, bezperan, orri zuri baten aurrean eseri, eta behin eta berriro, emaitza gisa, erdara itzultzen zidan ekuazioko aldagaiak zehazten saiatu nintzen, oinarri hartuta, noizbait, nonbait, Eivissako hizlari bati entzundakoak:

  1. Herri euskalduna da? Soziologikoki, euskaldun kopurua ez bada bereziki altua, nekezago jotzen dugu euskarara.
  2. Presa handia daukat? Beti ez baitaukat astirik gauza bera birritan azaltzeko/galdetzeko/eskatzeko…
  3. Mintzakidegaiak euskalduna ematen al du? Gure iragazki estereotipatuak zuloak izan arren alde guztietatik. Behin baino gehiagotan inprobisatu behar izan arren aurreikusi gabeko gaztelaniarako itzulpena. Eta okerrago dena: behin baino gehiagotan inprobisatu behar izan arren euskarazko azalpena (ez baikenuen uste lehenengo esalditik pasatuko ginela euskaraz).
  4. Txarrera hartu ahal didala iruditzen zait? Azkar batean, aurrean daukadanaren keinuak aztertuko ditut erabakitzeko nire hizkuntza iraingarritzat jo dezakeen. Euskaldunok garatutako abilezia hauek hartu ote zituen inspirazio-iturri gisa Conan Doylek, eleberriaren jatorrizko izenburuak iradokitzen zuen moduan (Zer dok, Holmes?)
  5. Ba al du botererik nigan solaskidegaiak? Izan ere, ez nuke ordu erdi eman nahi, aurrera eta aurrera, konturatu arte kontrako bidetik bidali nautela.

Argi nuen, bada, bost galdera horietan zetzala nire porrotaren edo arrakastaren gakoa, eta erantzunek ezin zutela baldintzatu nire jokabidea.

-Egun on. Kafe hutsa, mesedez –kafetegiko beroaren eraginez, jaka eranztearekin batera.

-¿Cómo? –aldi berean, sufrimendu-aurpegia jarriz; euskara baita isiltasuna ozen jarrita dagoenean ondo entzuten ez den hizkuntza bakarra.

-Un café solo.

Hura hizkuntza-gaitasuna! Euskaldunok ezinean aritzen gara, argudio soziologiko, sentimental, instrumental, identitatezko, kulturalak eman eta eman, euskarara bat edo beste ekarri nahian. Erdaldunak, berriz, nahikoa du silaba pare bat euskalduna gaztelaniaz hitz egiten jartzeko! Eta zintzo jokatuta, onartu beharra dago nahikoa lukeela silaba bakar bat (¿eh?), edo are, gaztelaniaz egindako isilune bat (seguruenik, gogaituta dagoenaren aurpegierarekin batera, sarritan, bezeroarekiko errespetua ere elebakarra da-eta). Hara nire erabaki irmoa erantzita, neu ere konturatu orduko, jakarekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude